Bikote eta botere harremanak aztertuko ditu Tamara García Iglesias zinemagile lasartearrak euskaraz errodatutako eta Atekaleun ekoiztetxeak babestutako lanak. Compétition Premier Film sailean izango du mundu mailako estreinaldia.

Zarata-zinea

Uztailaren 4tik 9ra bitartean gauzatuko da nazioarteko fikziozko lanak zein dokumental garaikideak aurkeztuko dituen FID Maseille zinemaldia, eta bertan, Compétition Premier Film sailean, Tamara García Iglesias zinemagilearen ZARATA film luzea lehiatuko da beste bederatzi lanekin batera.

Zera kontatuko du lasartearraren filmak: June ezkonduta dagoen zinemagile batekin geratzen ari da. Aldiz, Marian gidoia idazteko kontratatu dute. Bi lagunek harremanei eta botereari buruzko esperientziak eta pentsamenduak partekatzen dituzte taburik eta eusterik gabe. Ainara Gurrutxaga, Erika Olaizola eta Javier Barandiaran aktoreek interpretatuko dituzte hiru protagonistak.

Atekaleun ekoiztetxearen lana da ZARATA, García Igelsiasek zuzendu eta idatzi duena. Lasartearrak filma muntatu du ere, Maialen Sarasua eta Julia Gaitano laguntzaile izan dituelarik.  Soinuaren diseinuaz Ines Almirón eta Santiago Villa arduratu dira, eta azken honek konposatu du filmerako soinu banda.

Zuzendariak aitortu duenez, filmak “bizitza pertsonalak eta artea, edota egiten dugun hori, banatzeko ezintasuna” erakusten du: “Bizitza eta obra gauza bera dira. Gaur egungo zinemaren ekoizpen-sistemen barruan hainbat baldintzapen daude, film bat egiten lagun diezazuketenak. Baldintzapen horiek etengabeko zarata dira, lehenago edo beranduago entzun egingo ditugunak. Gure ekoizpen-sistema gu garen bezalakoak dira, pertsona jakin batzuei, pelikula batzuei, fabore egiten dietenak. Filmak planteatzen du pertsonen erabilera jakinak, besteak nahi duen hori egiteko aprobetxamenduak, sortu duena zinema egiteko sistema”.

Tamara García Iglesias

Antropologia eta zinema ikasketak burutu zituen Euskal Herriko Unibertsitatean zein Buenos Airesko zinema eskolan, hurrenez hurren, eta Aguilar de Campoko Nazioarteko Film Laburren Jaialdiaren zuzendaria izan zen bost urtez. Donostiako Arteleku arte zentroan ere aritutakoa da, eta kultur kudeaketako hainbat lanetan ere parte hartu du (ELLAS 2017 programa, MACBA Buenos Aires; Imágenes Secuenciadas 2021, Artegunea Kutxa).

Atekaleun zinema ekoiztetxearen sorkuntzan parte hartu du ere, Xabier Erkizia soinu artistarekin batera. Ekoiztetxearekin Ferreyra (2020) film laburra zuzendu dute eta O Gemer (Xabier Erkizia, 2021) film luze esperimentala ekoiztu. Horiez gain, El cuerpo de la mujer sin sombra (2020) eta Paraíso, cerca (2021) filmak zuzendu ditu, besteak beste.