Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteak Culpa mía pelikula euskarara bikoiztu du Amazon Prime Video plataformarentzat. Ostegunetik, hilaren 8a, egongo da eskuragarri streaming zerbitzuaren katalogoan.
17 urteko neska gazte bat da Culpa mía filmeko protagonista: amaren bigarren ezkontza dela eta, Noahk atzean utzi beharko ditu bere hiria eta lagunak, senar aberats berriaren etxera lekualdatuko direlako. Bertan ezagutuko duen Nick anaiordearekin izango duen harremanak ezaugarrituko du neskaren existentzia.
Bada, Mercedes Ron idazlearen Culpables eleberri trilogian dago oinarrituta filma, eta Pokeepsie Films (Alex de la Iglesua era Carolina Bang) ekoiztetxearen babesa du. Pelikulako zuzendaria, aldiz, Domingo Gonzalez da. Jatorrizko hizkuntza gaztelera du lanak, baina, azken urteko joerari helduta, euskarara bikoiztuta ere estreinatuko du Amazon Prime plataformak.
Bieuseko kideek streaming plataformekin landutako harremanen emaitza da honakoa. Izan ere, elkarteaz gainera, elkartea kooperatiba bat ere badira eta, 2018an ETBrentzat lan egiteari utzi bazioten ere -«oso baldintza eskasetan» aritzen ziren lanean-, Ulu Media taldearen zein EiTB Podcasten lan batzuetan edota Zinemaldiarentzat aritu dira jardunean.
Taldeko kideek espero dute Amazon Prime Videorentzat bikoiztutako lehen filma pauso bat izatea, eta datozen hilabeteetan gehiago iritsiko direla.