Ekainaren 5etik 11ra bitartean ospatuko dute 2023ko edizioa, eta 40 film labur eta bideoklip baino gehiago erakutsiko dituzte. Berritasun bezala, gainera, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dutela iragarri dute antolatzaileek.
CAOSTICA komunikabide, ikus-entzunezko ekoizpen, diseinu grafiko eta pedagogiaren arloko Bilboko profesional talde bat da, urte luzeko ibilbide eta eskarmentua duena ekitaldi hezigarri eta kulturalen prestaketa zein promozioan. Hala, urtea zehar ospatzen diren Bilboko kultur agendaren ekimen eta hitzordu andanaren eragile eta antolatzaile dira, tartean, aurten 21 urte beteko dituen Caostica – Nazioarteko Film Labur eta Bideoklip jaialdia.
Film proposamen alternatiboak aurkezten dituzte bertan, eta musikarekin eta beste kontu askorekin nahasirik, zinemaz gozatzeko eskaintza interesgarria egoten da Bilboko hirian. Bada, ekainaren 5etik 11ra bitartean egingo dute 2023ko hitzordua, eta dagoeneko antolatzaileek iragarri dute bertan ikusgai izango diren lanen zerrenda ofiziala.
Ohi bezala, hiru atal izango ditu 21. Caostika ekitaldiak, eta, guztira, 42 sorkuntza izango dira lehian: 22 lan bideozinema sailean, 13 lan bideoklip sailean, eta 8 lan animazio sailean. Tartean, 8 euskal ekoizpen izango dira: Almar – Merisa Gris ft. Delaporte (Arrigurri), Corazón de Tango – Zea Mays (Bárbara Fernández), Arnasa (Raul Barreras), Disimulan (Koldo Almandoz), Influencer (Nerea Torrijos), Irrits (Maider Oleaga), Lanbroa (Aitzol Saratxaga) eta Superjodidos (Gastón Haag).
Hain zuzen ere eskaintza zabalaz gozatu ahal izateko, familia-kontziliazioa erraztuko duen haurtzaindegi zerbitzua eskainiko du aurten jaialdiak., 2 eta 12 urte bitarteko “larba caostikoentzako” eskulanak eta animaziozko proiekzioak egongo dira bertan, begirale baten zaintzapean. Zerbitzua doakoa izango da lekua bete arte eta astelehenetik ostiralera egongo da erabilgarri, ekainaren 5etik 9ra alegia, zazpiak laurden gutxiagotik hamarrak laurden guatxiak arte (18:45 – 21:45), Bilborockeko Lab aretoan.
Ezagutu 21. Caostika jaialdiaren xehetasun gehiago, jarraian.