Gaur bertan ekingo diote ekaineko egitarauari Punk in Drublic Documentary (Alfredo M.R. Vicente, 2021) pantailaratuz, eta datozen astearteetan ere emanaldi bana hartuko du Doku-Mental zikloak. Uztailean eta abuztuan, aldiz, atseden hartuko dute, irailean indarberrituta itzultzeko asmoz.
Hondartza, mendia, aire zabaleko musika jaialdi eta ekitaldiak izan ohi dira nagusi uda hurbildu ahala, eta hain zuzen ere, jai-giroan murgilduko gaituen film batekin abiatuko du, gaur, Gasteizko Orbain Kultur Elkarteak ikasturteko azken zinema egitaraua. Punk in Drublic Documentary dokumentalak izen bereko jaialdian aurkeztu diren taldeen zuzeneko materiala jasotzen du, besteak beste, NOFX, Bad Religion, Pennywise, Rancid, The Offspring, Descendents, Less Than Jake, The Interrupters, Sick of it All eta Jello Biafrarena. Punk kontzeptua aztergai, elkarrizketa esklusiboek osatuko dute Alfredo M.R. Vicentek zuzendutako lana. Ohi bezala, 19:00etan hasiko dute saioa, elkartearen egoitzan.
Hurrengo astean, ekainaren 13an, Jim Jarmusch zinemagilearen Gimme Danger – The Story of The Stooges (2016) egongo da ordu berean ikusgai.
Uztailean eta abuztuan atseden hartuko badute ere, gogotsu jarraituko dute datozen astearteetan eskaintza interesgarria, aldarrikatzailea eta erakargarria proposatuz. LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ekainaren 20rako eta 23rako saio bikoitz bana prestatu dute.
Hilaren 20an, 19:00etan, Sin miedo al VIH (David Arteaga, 2018) film laburra emango dute lehenik, eta Aprender a vivir (Ander Duque, 2021) film ertaina, gero. Proiekzioen ondoren, Arabako Hiesaren Aurkako Herritarren Batzordeko ordezkariek hartuko dute hitza: Blanca Bastida, GIB/STIen Prebentzioko presidentea eta teknikariak; eta Ana Isabel Girón, koordinatzailea eta gizarte-langileak.
Hilaren 27an, aldiz, 20:00etan izango da hitzordua, eta ikusgai izango dira Vida en Trans (Angel Navarro, 2019) eta La vida de una persona transgénero en Pakistán (Pau Clavero, 2021). Emanaldiak bukatu eta gero, Doku-Mental zikloa jai-giroan agurtzeko, Santa Klaux DJ artistak musika jarriko du.