Angeles Cruz zuzendari, gidoilari eta aktorea oaxakarrak (Mexiko) jasoko du Zinegoak – Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 2023ko Ohorezko Saria. Mostrak irauten duen bitartean, bere obrari eskainitako ziklo berezi bat ikusteko aukera egongo da BilbaoArten.

Oaxacako eta Mexikoko zinemaren erreferentzia eta aurpegi ezagunenetako bat da gaur egun Angeles Cruz. “Haren ahotsak badu zilegitasuna normalean ikusten ez ditugun gaiez jarduteko, eta balio zinematografiko ukaezina dauka, betiere diskurtso konprometituaren zerbitzura”, azaldu dute jaialdiaren arduradunek, “Hori dela eta, gure sari gorena eman nahi diogu, beraren lan artistikoa eskertzeko eta konpromiso soziala aitortzeko”.

Oaxacako Miguel Cabrera Heziketa Zentroan jaso zuen prestakuntza, eta, horren ostean, Antzezpenean lizentziatu zen, Mexikoko Arte Ederren eta Literaturaren Institutu Nazionaleko Antzerki Artearen Eskolan. 1994an ekin zion bere aktore-ibilbideari, Åsa Faringer eta Ulf Hultberg zuzendarien La hija del puma filmarekin, eta, handik aurrera, hainbat telesail eta film luzetan parte hartu zuen. 2011n, bere istorio propioak idazten eta zuzentzen hasi zen.

Emakumezko zinemagile erreferenteetako bat da bere herrialdeko zinemagintzan, eta bigarrenez izango da jaialdi bilbotarrean. Izan ere, iazko edizioan, Lesbianismo eta Generoaren saria eskuratu zuen Nudo Mixteco (2021) bere azken lanarekin.

Cruzek ekainaren 26an jasoko du Zinegoak saria, Arriaga antzokian egingo den inaugurazio ekitaldian. Ez hori bakarrik, bezperan, solasaldi batean parte hartuko du Bilborocken, Irantzu Varela kazetariak gidatuta, eta ostean bere hiru lan ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, mostrak irauten duen bitartean, bere obrari eskainitako ziklo berezi bat ikusteko aukera egongo da BilbaoArten.