18 eta 25 urte bitarteko 150 neska-mutilek osatuko dute Gazteriaren TCM saria emateaz arduratuko den 71. Donostia Zinemaldiko gazteriaren epaimahaia. Interesatuek izen-emate fitxa online bete beharko dute, eta erantsita motibazio-gutun bat bidali, uztailaren 5a baino lehen.

Gazteriaren epaimahaia 2023-zinea

2022ko irailaren 22tik 30era bitartean ospatuko den 71. Donostia Zinemaldian gazteriaren epaimahaikide izateko aukera eskainiko dute beste behin. COVDID garaiko urteak guztiz ahaztuz, iaz bezala, 150 herritarrek izango dute Gazteriaren TCM saria nori eman ebazteko ahalmena, eta horretarako, Zuzendari Berriak sailean programatutako filmak eta Horizontes Latinos saileko zuzendarien lehen eta bigarren lanak epaitu beharko dituzte.

18 eta 25 urte bitarteko gazteentzat zabaldu dute izen-emate deialdia. Interesatuek Zinemaldiaren webgunean online eskuragarri jarri duten izen-emate fitxaren inprimakia eta motibazio-gutuna bidali beharko dituzte, uztailaren 5a baino lehen. Gazteriaren TCM saria eskuratzeko hautagai izango diren filmen emanaldietara joateko konpromisoa hartu beharko dute epaimahaikide gazte izendatutakoek, eta egunez egun, Zinemaldiaren webgunean eta egunkarian argitaratuko dituzte saio bakoitzaren ostean bildutako bozken emaitzak. Gainera, Gazteriaren Itxiera Ekitaldian ere parte hartuko dute gazteek, Kursaal 2 aretoan.

TCMk telebista-kateak bi hamarkada baino gehiago daramatza Espainiako estatuan filmak ematen, eta lotura estua du Donostia Zinemaldiarekin. Aurten, laugarrenez babestuko du ikus-entzule gazteek eman ohi duten saria.

Informazio gehiago nahi izanez gero, juventud@sansebastianfestival.com helbidera idazteko edo 943 48 12 12 telefono zenbakira deitzeko aukera dago.