Hondarribiko AMUA Kultur Elkarteak Hondarribiko udalaren laguntzarekin antolatuta, 2023ko azaroaren 16tik 18ra bitartean ospatuko dute, aurtengo musika film laburren jaialdia. Lanak aurkezteko izen-emate epea zabalik da, irailaren 15era bitartean.

AMUA Hondarribia deialdia-zinea

Zinemaren eta musikaren arteko lotura naturala “inoiz baino gehiago” sendotzeko asmoz iragarri du Hondarribiko AMUA Kultur Elkarteak hirugarren edizioa izango dena. “Musikaren eta zinemaren arteko harremana eta proiektuen atzean dauden artistak sakonago aztertuko ditugu, zerumuga handituz eta bi diziplinak bateratzen direnean sortzen diren sinergiak zuzen-zuzenean biziz”.

2023ko azaroaren 16tik 18ra bitartean ospatuko dute hirian, eta ohi bezala, hitzaldiak, kontzertu pedagogikoak, irrati-saioak eta biniloen azoka ere hartuko ditu. Bada, dagoeneko, III. AMUA Hondarribiko Musika Film Laburren Jaialdira lanak aurkezteko deialdia zabaldu dute; irailaren 15era arte egongo da aukera. Festhome plataformaren bidez egin daiteke, eta proposamenek 30 minutu iraun dezakete, gehienez. Hala ere, argitu dutenez, iraupen handiagoko lanak sartzeko aukera izango dute antolatzaileek.

Edozein estilotan eta zentzu zabalean, musika gaiak lantzen dituzten filmak eskatu dituzte, baina zera zehaztu dute: “Musikak argi eta garbi nagusi izan behar du, ez da nahikoa lanak soinu banda propioa izatea. Solik soinu bandak narrazio eginkizuna badu edo gaia musikala bada onartuko da film laburra hautaketa batzordeak balora dezan”.

Espainiar nazionalitatea duten edo Espainian bizi diren ekoizleek eta zuzendariek parte hartu ahal izango dute, baldin eta aurkeztutako lanen gaineko eskubideak badituzte. Horiek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoiztuak izan behar dute, eta guztiek euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluak izan beharko dituzte. Urriaren 2an jakinaraziko dute hautaketa ofiziala.

Bestalde, epaimahaia zinemaren eta musikaren munduarekin harreman profesionala duten hiru kidek osatuko dute, eta ikus-entzuleek emandakoarekin batera, ondorengo sariak banatuko dituzte:

  • Lehenengo saria: 2.000 euro
  • Bigarren saria: 1.000 euro
  • Hirugarren saria: 500 euro
  • Ikus-entzuleen saria: 1.000 euro

Irakurri AMUA Musika Film Laburren Zinemaldian izena emateko oinarriak, hemen.