Mikel Gurreak zuzendutako Heltzear (2021) eta Suro (2022) lanak, Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas (2023) filma, eta zinema mutuaren garaiko klasiko estatubatuar bat pantailaratuko dituzte FAS Zineklub bilbotarreko kideek datozen astearteetan. Ohi bezala, Carmen aretoan egingo dituzte emanaldiak, 19:45ean hasita.
Bilbotarrek ondo lotuta izan ohi dute astearte iluntzeetako plana. FAS Zineklubaren ekarpenari esker, zinemaz gozatzeko hitzordua dute hirian, Indautxuko erdigunean kokatutako aretora hurbildu eta zirkuitu komertzialetan tokirik izaten ez duten filmak ikustekoa, hain zuzen ere.
2020ko ikasturtetik, ginera, zinemazaleek zaharberritutako aretoa dute etxe, izan ere, pandemiaren eraginez hilabete luzez itxita izan eta erreformak egiteko baliatu zuten arduradunek. 164 eserleku ditu orain egoitza berriak.
Bada, 2023a indartsu hasi zuten, eta bide beretik jarraituko dute ekainean ere, film sorta berezia proposatuz. Euskal ekoizpen garaikideak zein zinema mutuaren garaiko klasiko handiak, gonbidatuak… ez aspertzeko moduko eskaintza aurkeztu dute.
Ondorengoa duzue ekainerako iragarri duten programazioa:
- EKAINAK 6 | Suro (Mikel Gurrea, 2022) + KORTeN!: Heltzear (Gurrea, 2021). Gidoigileak elkartearekin elkarlanean antolatutako saioa da. Gonbidatua: Mikel Gurrea
- EKAINAK 13 | 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola, 2023). Zinegoak 2023 jaialdiarekin elkarlanean antolatutako saioa da. Gonbidatua: Lara izagirre
- EKAINAK 20 | The Phantom of the Opera (Rupert Julian, 1925) Josetxo Fernandez de Ortega piano-jotzaileak zuzenean interpretatuko du musika. Gonbidatua: Fernandez de Ortega eta Fernando Bayón