Animazioa eta fikzioa jasoko ditu KIMUAK sortaren 2023ko katalogoak. Hautatu dituzten zazpi filmetako bat besterik ez da euskara hutsean egin; beste bat euskaraz eta frantsesez eta gainerakoak gaztelaniaz egin dira, horietako bik hindia eta bengaliera ere erabiltzen dute.

Kimuak programaren 26. edizioaren deialdira aurkeztutako 60 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak Kimuak 2023 katalogoa osatzeko: La mujer ilustrada (Isabel Herguera), Sorbeltza (Iban del Campo), Prioridades (Tamara Lucarini Cortes), El aprendiz (Raul Campos), El rey de la semana (David Pérez Sañudo), Deadly Draw/ Sorteo Mortal (Nitya Lopez Saitua) eta Ximinoa (Itziar Leemans).

Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadik sustatutako programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede eta, bide horretan, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik aurrera.

Honeko kideek osatu dute 2023ko hautaketa batzordea: Simon Blondeau – Baionako Cinéma L ‘Atalanteko zuzendari laguntzailea eta kultur bitartekaria, Gabarra Filmseko euskal zinema banaketako arduraduna eta Rencontres sur les Docks jaialdiaren antolatzailea –; Ana Herrera – Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikus-entzunezko proiektu estrategikoen eta proiektu digitalen ataleko burua –; Txaro Landa – Bilboko Cineclub FAS-en zuzendaria–; Jaime Manrique – Bogotá-Bogoshorts Film Laburren Jaialdiaren eta Black Velvet Laborategien sortzaile eta zuzendaria –; Alberto Valverde – Bartzelonako D ‘A Film Lab-eko koordinatzailea eta Edinburgoko CinemaAttic plataformako programatzailea –.

Animazioa eta fikzioa dira nagusi aurtengo katalogoa osatzen duten lanen. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bat euskara hutsean egin da, beste bat euskaraz eta frantsesez eta, gainerakoak, gaztelaniaz; horietako bik hindia eta bengaliera ere erabiltzen dute. Zuzendarien generoari erreparatuta, aldiz, zazpi lanetatik hiru emakumeek zuzendu eta ekoitzitakoak dira.

  • LA MUJER ILUSTRADA – Isabel Hergera

Ahmedabaden (India), Isabelek animazio tailer bat ematen du Mehndi izeneko aldi baterako tatuajeak egiten dituen artista talde batekin. Haien ametsen inguruan hitz egiten dute: Ramiak hegan egin nahi du, Saadiyak emakumeez osatutako parlamentu batekin egiten du amets, Shubhashreek Suitzara bidaiatu nahi du, eta Samirak raparen bidez adierazten du bere independentzia. Zuzendariaz gain, Sudhanya Dasgupta, Priyanka Shaw, Shashi Shaw eta Abonti Mukherjeek ere haien ahotsak jartzen dituzte filmean.

Animazio honetan, zuzendari donostiarrak (1961) normalean inork galdetzen ez dien pertsonen nahiak azaldu nahi ditu, ‘Bajo la almohada’ (Kimuak 2012) filmean egin zuen bezala.

 

  • SORBELTZA – Iban del Campo

Belaontzi bat hiru pertsona barruan dituela itsasoratzen da. Bi emakume eta gizon bat, triangelu bitxi bezain misteriotsu bat osatzen dute. Itsas zabaleko bainuen, gaueko elkarrizketen eta tentsio sexualen artean, desorekatua dagoen unibertso batean murgilduko gara. Iban del Camporen (Arrasate, 1971) film berriak insomnio sukartsu batez eta askatasunaren beharraz hitz egiten du. Erika Olaizola, Joseba Apaolaza, Miren Gaztañaga eta Heren de Lucas dira aktoreak.

Iban del Campok zuzendutako laugarren lana izango da Kimuak katalogoan parte-hartzen.

 

  • PRIORIDADES – Tamara Lucarini

Anek eta Andreak sexu harremanak dituzte elkarrekin,  eta egarri dira. Nahiz eta kanpoan bizitzak aurrera egiten jarraitzen duen, denbora gelditu nahi dut, azkenean elkarrekin baitaude. Elkar musukatu eta larrutan egiten dute beren energiaren mugaraino, kanpoko zaintzak haiek salbatzera etorriko den arte.

Tamara Lucarini Cortések (Basauri, 1987) Ainhoa Artetxe eta Sara Nieto aktoreak zuzendu ditu bere hirugarren film labur honetan. Katz Estudiok eta Sayaka Produccionesek ekoitzi dute filma. Lanak AUKERA film laburren mentoretza programan parte hartu zuen eta lanak Aukera (H)emen saria jaso zuen, ZINEBIren testuinguruan egindako jardunaldi profesionaletan.

 

  • EL APRENDIZ – Raul Campos

Europara iritsi berri den gazte batek mugikorren konpontzaile gisa hasiko du bere karrera, eta gogor lan egingo du etorkizunak ekarriko diona amesten duen bitartean. Hala ere, bezero baten telefonoan aurkituko duen zerbait errealitate-kolpe bat izango da, munduari buruz duen ikuspegia birplanteatuko duena.

Raúl Campos Martín (Santurtzi, 1992) zinegileak sinatu du thriller sozial hau, Bilboko Basque Films ekoiztetxearekin batera. Bere laugarren film laburra da. Kunal Ravi, Raju Jagat, Aitor Borobia eta Graciela Doniz dira protagonistak eta gaztelaniaz eta hindiz grabatuta dago.

 

  • EL REY DE LA SEMANA – David Perez Sañudo

Martin dibortziatutako gizona da eta seme bat dauka. Kosmetikoen fabrika batean lan egiten du. Bere irudia eta gorputza modu maniatikoan zaintzen ditu eta bakarrik sentitzen da. Etsita, bikotea aurkitzen laguntzen dion sedukzio-tailer bateko kide da. Egun batean Marta ezagutuko du eta berarekin ligatzea bere helburu nagusia izango da. Nacho Sánchezek, Álvaro Cervantesek, Usue Álvarezek, Gastón Haagek, María Cerezuelak eta Javier Fuentek osatzen dute aktore- zerrenda.

Fikzio hau KIMUAK katalogoan hautatutako David Perez Sañudoren (Bilbo, 1987) bigarren laburra da.

 

  • DEADLY DRAW / SORTEO MORTAL – Nitya Lopez Saitua

Carolinek kalea begiratzen du leihotik, aurpegia argitzen dion tximistak ekaitza iragartzen du. Atean giltza batzuk entzutean ikaratu egiten da; Nathan da, bere senarra. Bere eskuetara loteria-txartel bat iritsi da,  istripu tragiko bat izan duen neska batena zena. Biek eztabaidatzen dute saria trukatzea etikoa den ala ez, baina badago zerbait bere ahotsen soinuan koadratzen ez duena.

Nitya Lopez Saitua (Ibarrangelu, 1996) zinegilearen lehen film laburra da hau Kimuak katalogoan, kamera atzean eskarmentu handia badu ere. Usue Alvarez eta Urko Olazabal dira protagonistak zuri-beltzean egindako laburrean. Filmak 50eko hamarkadako zinema beltzaren klasikoak omentzea du helburu.

  • XIMINOA – Itziar Leemans

Euskaraz eta frantsesez egindako fikziozko lan honetan, Junek, udako lehen lana aurkitu du. Constance zaintzen du, maitasun eskasez den neskato sentikorra. Junek laster mantsotzen du haurra eta Elisabethen, bere amaren, konfiantza lortzen du. Junek familia berria atzeman izanaren ilusioa du, baina, lehen okerrean, etxeko langile estatutura itzularazten dute. Klase harremanen bortizkeria eta bere identitatearen ukapena aurkituko ditu. Ainara Leemans, Anaïs Villiot Chantelauze eta Sarah Chantelauze dira protagonistak.

Itziar Leemans (Donibane Lohizune, 1983) zinegilearen lan berria da ‘Ximinoa’. Senpereko Gastibeltza Filmak eta Bilboko Al Borde Films etxeen arteko koprodukzioa da.