Ostiral honetan, ekainaren 2an, 918 gau (2022) filma Madrilgo Círculo de Bellas Artesen izango da ikusgai, bertako arduraduna den Manuel Asínek aurkeztuta. Arantza Santesteban zuzendariak ondoko solasaldian parte-hartuko du.
‘Polizia-furgoi baten gelaxka txikian, kartzelan urte luzeak zeramatzan emakume batek hau esan zidan: kartzela zer den kontatzeko, beharrezkoa da bertan lo egin izana. Duela ia hamarkada bat, 918 gau egin nituen kartzelan. Film honetan, mundu isolatu eta irudirik gabeko batean bizitzea zer den azaltzen dut’.
Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu Arantza Santestebanek 918 gau filmean. Zaurgarritasunetik, inperfekziotik eta, noski, ausardiatik abiatuta, toki bat eman nahi die bizitako esperientzia ikusezin horiei. Txintxua Films eta Hiruki Filmak ekoiztetxeen bultzadaz egin zuen aurrera, eta 2022ko irailaren 30ean izan zuen estreinaldi komertziala, Begin Again Films banatzailearen eskutik.
Ibilbide arrakastatsua
Donostia Zinemaldiaren baitako Ikusmira Berriak programaren laugarren edizioan parte hartu zuen Santestebanek aurrenekoz proiektuarekin, eta 2020an, jaialdi donostiarreko WIP Europa programan hautatu zuten. Urte berean, MAFIZ saria irabazi zuen Abycine zinema indepentearen Albaceteko jaialdian. Ordutik, arrakastaz betetako ibilbidea izan du nazioarteko zinema jaialdietan.
DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaziz eman zion hasiera zinemaldien zirkuituari, eta Portugalen hasitako bideak jarraipena izan du, 39. Torino Film Festivalean -TFFDOC Internazionale saileko film onena-, Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian –Latexos saria eskuratuta itzuli zen bertatik- edota Iruñeko 16. Punto de Vistan. Azken honetan, publikoaren saria zein epaimahaiaren aipamen berezia irabazi zituen. Horrez gain, Donostiako Zinemaldian, Uruguain, Alemanian eta Errumanian ere lehiatu da filma.
Gaurtik aurrera, gainera, FILMIN plataforman izango da ikusgai. Irakurri Ines Arruek idatzitako kritika, hemen.
Madrilen ere bai
Ostiral honetan, ekainaren 2an, Madrilgo Círculo de Bellas Artesen emango dute filma, bertako arduraduna den Manuel Asínek aurkeztuta. 19:30etan abiatuko dute hitzordua, eta Arantza Santesteban zuzendariak parte-hartuko du ondoko solasaldian.