Zinemagile iruindarra zendu zenetik 20 urte beteko dira aurten, eta erakundeak saio berezia prestatu du haren omenez. Gainera, duela 100 urte Ernest Hemingaway kazetariak eta idazleak Iruñea aurrenekoz zapaldu zuela gogoratuko dute, eta Sanferminak iristear direla, Miquel Mezquíriz Eraso erreportari zinematografiko eta ekoizle tafallarrak 1950eko hamarkadako festotan hartutako irudiak berreskuratuko dituzte.

Nafarroako filmoteka-ekaina-zinea

Lurraldeko zinemagileak eta zinemagintza bistaratzeko konpromisoari eusten dio hilabetero Nafarroako Filmotekak, eta hain zuzen ere, jardunbide horretan abiatuko dute, gaur, ekaineko egitaraua. Generazinema programaren laguntzarekin ondutako lanak, zein ekoizpen independenteak eskainiko dituzte 19:30ean hasita: Yegua (Javier Celay, 2022), Mamä (Maite Astiz eta Ibon Landa, 2022) eta 10 watt bakarrik (Oier Fuentes, 2022).

Hilaren 8an, aldiz, Jose Miguel Etxeberria Alvarez ‘Naparra’ KAAetako kidearen desagerpenari buruzko Bolante baten historia (Iñaki Alforja eta Iban Toledo) dokumentala aurkeztuko dute sortzaileek.

Bestalde, zendu zenetik 20 urte pasatu diren honetan, Antonio J. Ruiz zinemagile iruindarra omentzeko saio berezia atondu dute, hilaren 22rako: Rincones y nostalgias de Antonio José Ruiz izenpean, errealizadorearen filmetatik ateratako sekuentziekin zein Cana 4 katean egindako kolaborazioekin sortutako muntaia berezi bat pantailaratuko dute, Cristian Ruizek editatutakoa. Saioa Alberto Cañadak aurkeztuko du, Nafarroako Filmotekako egungo arduradun nagusiak.

Ez da, ordea, ospatuko duten urteurren bakarra izango. Izan ere, 2023an 100 urte beteko dira Ernest Hemingaway kazetariak eta idazleak Iruñea aurrenekoz zapaldu zuenetik. 24 urte zituen orduan, eta Sanfermin festez zeharo maitemindu zen. Efemeridea gogoratzeko asmotan, Nafarroako Idazleen Elkarteak eta Civivox sareak, Nafar Ateneoarekin batera, zinema emanaldi eta hitzaldien ziklo berezia prestatu dute. Filmen emanaldiei dagokienez, ekainaren 28an, Jesús Yagüek zuzendutako Pamplona en Hemingway (1967) eta Manuel Leguinecheren Fiesta, Hemingway y los vascos (1999) dokumentalak eskainiko dituzte. Saioa Nafarroako idazleen Elkarteko kide den Carlos Bassasek aurkeztuko du.

Hurrengo egunean, hilaren 29an, 1962ko Sanferminetan girotutako H (Carlos Pardo , 2022) fikziozko lana aurkeztuko du sortzaileak. Ekainaren 30ean, azkenik, Miquel Mezquíriz Eraso erreportari zinematografiko eta ekoizle tafallarra gogoratuko dute. 1950eko hamarkadan, Sanferminetako irudiak filmatu zituen, eta orduan hartutakoak erakutsiko dituzte, Aventura en San Fermin (1952-1953) lanean bildutakoak.

Nazioarteko filmen eskaintza

Hollywoodeko Star Systemak elkartutako aktore bikote entzutetsuenei tokia egingo die Nafarroako Filmotekak ekainean: Ginger Rogers y Fred Astaire; Paul Newman y Joanne Woodward; Jack Lemmon y Walter Matthau; eta Sophia Loren y Marcello Mastroianni. Bada, horiek protagonista dituzten ondoko filmak eskainiko dituzte datozen egunotan, hurrenez hurren: Swing Time (George Stevens, 1936), The Long, Hot Summer (Martin Ritt, 1958), The Odd Couple (Gene Sacks, 1968) eta Una giornata particolare (Ettore Scola, 1977).

Bestetik, Nafarroako Filosofia Elkartearekin lankidetzan, zinema eta filosofia zikloaren bigarren edizioa hartuko du egitarauak: An Inspector Calls (Guy Hamilton, 1954), Ça commence aujourd’hui (Bertrand Tavernier, 1999) eta I, Daniel Blake (Ken Loach, 2016).

Azkenik, Ateneoak aurkezten du… saioan, Raoul Walsh zinemagilearen klasiko ezagun batez gozatzeko aukera egongo da: High Sierra (1941), Ida Lupino eta Humphrey Bogart aktore dituena.

Emanaldietarako sarrera orokorrak 3 euro balio ditu, eta aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutu lehenagora arte. Nafarroako Filmoteka eta saio berezietarako sarrerak, aldiz, euro bat balio du.

Ezagutu Nafarroako Filmotekak urtarrilerako prestatu duen egitaraua, hemen.