Gonzalo Bartolomé Tierra ‘Yhabril Moro’ argazkilari bilbotarrak ateratako X-MAN argazkia erakutsiko du 16. edizioko kartel ofizialak. Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionalean kokatutako (Aragoi) Sorrosal ur-jauzi ezagunean hartutako irudia da, CVCEPHOTO lehiaketan parte hartu duena.

Mendi Film 2023-zinea

Urtero legez, mendi jardueretako nazioarteko argazki onenen erakusleiho izan da CVCEPHOTO lehiaketa. 50 herrialde baino gehiagotik etorritako sortzaileek mila irudi inguru aurkeztu dituzte 9. edizioan, eta epaimahaiak 20 irabazle aukeratu ditu. Sari nagusia Carlos de Cos Azkonaren Cracks-Grietas lanak irabazi du. Bigarren saria, aldiz, Krystle Wrightek lortu du, Seventh Serpent lanagatik; hirugarrena, Simon Carterrek, Don’t wet yourself-engatik. Gainontzeko hamazazpi argazkiek Ohorezko Aipamenak jasoko dituzte.

Baina bada sari berezi bat ere, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko kartel ofiziala izatearena. Bada, Gonzalo Bartolomé Tierra ‘Yhabril Moro’ argazkilari bilbotarrak ateratako X-MAN argazkia aukeratu dute abenduaren 8tik 17ra bitartean egingo duten jaialdi bilbotarraren 16. edizioko irudi nagusi.

Ordesa eta Perdidoko Parke Nazionalean kokatutako (Aragoi) Sorrosal ur-jauzi ezagunean hartutako irudia da X-MAN, Broto herrian kokatutakoa. Korrikalari bat ageri da bertan, Chano, argazkilariaren aginduetara, agertokia identifikatu eta berehala bertaratu zena. Zera adierazi du Bartolomé Tierrak: “Udazken egun ilun eta heze bat zen, eta ingurumari hartan pasiatzen nenbilela, berehala arreta piztu zidan konposizio hark: ur-jauziaren zuritasuna asko nabarmentzen zen hondo horren gainean eta X formako harri testura horien lehen planoan”.

Irudia hartutako kameraren eta detaile teknikoak ere zehaztu dituzte: Sony A7IV –  Lentea: Sony FE 12-24mm F2.8 GM – Flasha: Profoto A10+Remote TTL Profoto – 12mm | 1/1600SG | F4,5 | ISO 3200.

Argazki sarituen erakusketa

CVCEPHOTO 2023 jaialdairen sariketa ekitaldia urriaren 21ean egingo dute, Donostiako Aquariumean, 18:00etan. Aurreko egunaz geroztik, azaroaren 13ra bitartean, saritutako hogei argazkiak Donostiako Boulevardean erakutsiko dituzte.

Club Vasco de Camping Elkartearen egoitzan, bestalde, irailaren 15etik azaroaren 24ra arte egongo da erakusketa ikusgai, formatu txikian. Bilbon, azkenik, 16. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren baitan ere berreskruatuko dute, abenduan.