Aktore eta gidoigile nafarraren opera prima Karlovy Vary (Txekiar Errepublika) zinema jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da, ekainaren 30etik uztailaren 8ra bitartean, eta Kristalezko Globoa irabazteko aukera izango du. Printzesak, apoak, ibaiak, galdutako printzeak eta gutunak nahastuko dituen udako ipuin gisara aurkeztu du egileak bere lehen film luzea.

las-chicas-estan-bien-Itsaso Arana-zinea

1985 Tafallan jaiotakoa, Aranak ibilbide luzea egin du sortzaile gisa. RESADen testu-interpretazioan lizentziaduna, aktorea ‘La tristura’ arte eszeniko taldearen sortzaileetako bat da, eta hain zuzen, haiek izan ditu bidelagun sortu, zuzendu eta interpretatu dituen hainbat obratan. Horiez gain, zinema munduan trebatutakoa da ere, batez ere, Jonas Truebaren filmetan: La reconquista (2016), La virgen de agosto (2019), Tenéis que venir a verla (2022).

Bada, zuzendari lanetan lehen film luzea du Las chicas están bien, Pragako Karlovy Vary zinemaldian mundu mailako estreinaldia izango duena. Leongo probintzian (Gaztela eta Leon) errodatu zuen iaz, eta orain, ekainaren 30etik uztailaren 8ra, Kristalezko Globoa irabazteko hautagaia izango da. Karl Och zinemaldi txekiarreko zuzendariak “elkarrizketa jasoz zipriztindutako film arina” dela esanez aurkeztu du Aranaren opera prima.

Uda giroko ipuina

Antzerkia eta fikzioa nahasiko ditu Las chicas están bien filmak. Barbara Lennie, Irene Escolar, Itziar Manero, Helena Ezquerro eta Arana bera izango ditu protagonista eta, generoak iradoki bezala, antzezlan bat hartzen du bere gain: emakume talde bat astebetez Nistal de la Vega Leongo herriko XVII. mendeko errota zahar batean elkartuko da, antzezlan baten entseguak egiteko. Denetariko elkarrizketak sortuko dira giro horretan, hamaika gairi buruzkoak: adiskidetasuna, antzezpena, maitasuna, zurztasuna, heriotza…

Zuzendariaren hitzetan, “ipuin bat eta sorginkeria baten istorioa” ere bada: lagun batzuen egun batzuetako elkarbizitza izango du oinarri; aktoreak dira bostak, eta antzezlan bat entseatzen ari dira errota zahar batean, “mundutik aparte”. Arana berak udako ipuin gisara aurkeztu du istorioa eta azaldu du ez direla printzesak, ibaiak, apoak eta galdutako printzeak faltako.

Los Ilusos Films ekoiztetxearen babespean ondu du aktore, gidoigile eta zinemagileak Las chicas están bien filma, eta 2023ko abuztuaren 25ean aurreikusi dute zinema aretoetan estreinatzea.