Euskal zinema mutuak arrasto gutxi utzi zuen gurean. Are, garai hartako filmen zati handi bat galdutzat jotzen da egun. Hala ere, badaude gaurdaino heldu diren altxorrak.

Horien arrastoa jarraitu dugu ZINEAn eta, euskal zinema mutuaren hastapenetara ez ezik, euskal zinemagintzaren lehen urratsetara heldu gara ere bai. Bada, hauxe duzue BEGIRADAK atal berriaren lehen hizketagaia.

Zinematografoa 1896 urtean heldu zen Euskal Herrira. Hain zuzen, 1896 ekainean proiektatu zen lehen euskal filma: Gortearen etorrera Donostiara, gaur egun galdua. Hala ere, XX. mendeko lehen bi hamarkadetan euskal zinemak ez zuen arrakastarik izan; izan ere, film bat ekoiztea garestia zen eta ez zegoen inbertsioa justifikatuko zuen interes handiegirik.

1920tik aurrera heldu zen gorakada,  hainbat euskal ekoiztetxeren sorrerarekin. Zorioneko urteak izan ziren industriarentzat (bideoan jaso dugu emaitza), 30ko hamarkadan zinema soinuduna heldu zen arte. Horrekin, aro berri bati eman zitzaion hasiera.