Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren jarraipena izateko jaiotako Zinegoak Hedapena ekimenak Errenteria aldera hurbilduko du sexu aniztasuna lantzen duten filmen lagin bat. Doako sarrera izango duten bi emanaldi egingo dituzte, maiatzaren 29an eta 30an, Niessen Zinemetan.
2023an 20 edizio beteko ditu Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak, eta urteurren borobila ospatzeko asmoz, orain arte otsaila edota martxoan gauzatu izan den ekitaldia atzeratu egingo dute. Ekainaren 28an aldarrikatu ohi den LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira, astebeteko zinema eta kultur eskaintza Harrotasunaren Egunarekin bat proposatuko du Zinegoak elkarteak.
Bada, ekainaren 26tik uztailaren 1era bitartean egingo da festibala, eta data aldaketak eraginda, ZG Hedapena ekimena aurretik gauzatuko dute. Maiatza hasieratik ekainaren 30era arte, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 50 herritan sexu-aniztasuna landuko du festibalak. Ohiko geralekuak izango ditu, baina aurrenekoz, Leitza, Legorreta eta Mallabia ere bisitatuko ditu. ZG Hedapenari amaiera emateko hitzordu berezia atondu dute Durangon, ekainaren 30ean bertan.
Euskal Herrian sortutako lanak (Maider Oleaga edota Raul Barreras zinegileen azken proiektuak adibidez), iazko edizioan Lesbianismo eta Genero Saria irabazi zuen Nudo Mixteco (2021) filma, edota Zinegoakeko Ohorezko Saridun Sèbastien Lifshitz zuzendariaren Casa Sussana (2022) dokumentala eskainiko dituzte herriz herri.
Bada, Errenteriara helduko da mostra egunotan: bina hitzordu iragarri dituzte herrian, doakoak baina gonbidapen bidezkoak, gaur eta bihar ospatuko dituztenak. Film laburrei zuzendurikoa izango da lehen emanaldia, jaialdiaren azken edizioan lehiatu ziren lan sorta erakutsiko duena. 19:30ean abiatuko dute, Niessen Zinemetan, eta bi gai izango dira nagusi: haurtzaroa/nerabezaroa eta emakume sortzaileak:
- Irrits (Maider Oleaga, 2022)
- Ezohikoak (Alejandra Bueno, 2022)
- It’s a gray,gray world (Seyed Mohsen, Pourmohseni Shakib, 2022)
- Son (Marta Nieto, 2022)
- Dating internet strangers (Eduardo Wahrhaftig, 2022)
- Warsha (Dania Bdeir, 2022)
- Arnasa (Raul Barreras, 2022)
Aldiz, asteartean, hilaren 30ean, Nudo Mixteco (2021) filma izango da ikusgai, jatorrizko bertsioan, mixteco eta gazteleraz, ingelesezko eta euskarazko azpitituluekin. Lanak Lesbianismo saria eta Genero saria eskuratu zituen jaialdiaren 2020ko edizioan, eta hiru istorio elkarlotzen ditu Oaxacako zaindari santuaren ospakizunaren abaroan: Mariak ama lurperatu du, aitak arbuiatu egin du, eta, ziurgabetasunean, Piedadi, haurtzaroko maiteari, berarekin joateko proposatzen dio; Esteban hiru urteren ondoren itzuli da eta emaztea beste gizon batekin bizitzen ari dela jakin du; Toñak bere mina bizitzen du berriro alabaren abusuaren aurrean, bere familia aurrez aurre jartzen duenean, hura babesteko asmoz.
Eskuratu hitzorduetarako gonbidapenak, hemen.