Elena Martin Gimeno buru duen Creatura filmeko lan-taldeak eskuratu du hauetan Canneseko Zinemaldiarekin batera ospatzen ari den Quinzaine des Cinéastes sail paraleloaren Europa Cinemas saria. Zuzendariak Ikusmira Berriak 2020 egoitza-programaren baitan garatu zuen proiektua.
Ikusmira Berriak proiektuak garatzeko egonaldi-programa bat da, eta indar hartzen ari den talentua eta ikus-entzunezko sorkuntza babestu eta bultzatzeko xedea du. Egonaldion bidez, lekua, testuingurua, denbora eta baliabideak eskaintzen dira, eta bi ardatzen inguruan antolatzen da programa: prestakuntza eta garapena.
2015. urtean jaio zen, Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburuak elkarlanean antolatuta, Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin, eta 2018az geroztik, EQZE Elías Querejeta Zine Eskolarekin –prestakuntza, pentsamendu eta ikerketarako nazioarteko zentroarekin– batera antolatzen da. Gaur egun, programak bost egoitza eskaintzen ditu honako atalotan: nazioarteko zinemagileak, Espainiakoak, EAEkoak, EQZEkoak eta Nest atalekoak.
Ikuspegi estrategiko komun horretatik sortzen eta elikatzen da Ikusmira Berriak proiektua. Zortzi asteko egonaldia aurreikusten du, bi fasetan banatuta; halaber, zazpi hilabeteko laguntza-programa jasotzen du –martxotik irailera bitartean–. Lehenbiziko fasean, egoiliarrek sei astez garatzen dituzte beren proiektuak (martxotik eta apirilera), eta adituen batzordeko kideen aholkularitza jasotzen dute. Kideok tutoretza-lanak egiten dituzte proiektuotan, eta, horretaz gainera, garapen-prozesuaren faseak premien arabera lantzen dituzte. Irailean, Donostia Zinemaldiarekin batera, itzuli egiten dira egonaldiaren azken bi asteak betetzeko. Denbora horretan, egoiliarren egitasmoetan parte hartu nahi duten profesionalekin lankidetzan aritzeko aukerak lantzen eta sustatzen dira. Egonaldiko bi faseen artean, tutoreek eta erakundeek aholkularitza eta laguntza ematen diete proiektuen garapenari.
Hain zuzen, egoitza-programa honen 2019ko zinemagile hautatuetako bat izan zen Elena Martin Gimeno bartzelonarra, eta 2020an zehar burututako egonaldian garatu zuen berriki Cannesko Zinemaldiaren markoan saritu duten Creaturas proiektua. Quinzaine des Cinéastes ekimen paraleloaren Europa Cinemas saria eskuratu du lan-taldeak.
Creaturas
Neguaren amaieran, Mila protagonista herrira itzuliko da, uda bertan igaro eta bere maitearekin berriz ere konektatzeko asmoz. Biziki eztabaidatu eta gero, ordea, aldi baterako banatzea erabakiko dute, eta Milla bakarrik geratuko da etxean. Banaketak eragindako doluak etxe horrek gordetzen dituen oroitzapenetan murgiltzera eramango du protagonista: gogora ekarriko ditu bere aurkikuntza sexualak eta, azkenik, aitarekin duen harremana ulertzera ere iritsiko da.
“Errepresio sexual normalizatuaren ondorioez hitz egin nahi dut, batez ere emakumeek bizi dituztenei buruz. Horregatik, tabuz betetako mundu batean sartu nahi izan dut, zehazki, neskatoen sexualitatean, hori baita errepresio inkontziente horren sorburu”, halaxe kokatu zuen proiektua egileak bere hastapenetan, “Nire abiapuntua orainaldian errefusatua izateari dion beldurra izango da, eta hortik haren minik funtsezkoenarekin, nazkarekin eta lotsarekin konektatzera eraman nahi dut hogeita hamar urteko emakumea, ondoren hori guztia gainditu eta berriz ere desira aurki dezan. Zehazki, sexuaren eta arriskuaren arteko harremana aztertu eta apurtu nahi dut, horretarako hezkuntza kristauan babes-neurri gisa erabiltzen den errepresioaren gainean zalantzak planteatuz”.