Euskaraz sortutako lanak ekainaren 9ra bitartean aurkeztu ahalko dira, antolatzaileek epea luzatu ondoren; ohi bezala, gutxienez minutu bat eta gehienez hiru minutu izan beharko dituzte bideoek. Epaimahaia Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz herri ekimeneko ordezkariak, @elemelonsv TikToker eta eduki sortzaileak eta Iruñe Astitz kazetari eta eduki sortzaileak osatuko dute.
“Istorioak irudi bidez kontatzea gustuko baduzu, nagiak atera eta hasi filmatzen!”. Apirilean abiatu zuten Gaztezulo aldizkariak eta Azkue Fundazioak elkarlanean antolatutako Gaztezulo Bideo Lehiaketa, hamalaugarrena. Ohi bezala, 16 urtetik gorako gazteei luzatu zieten antolatzaileek deialdia, eta lanek “aurten errodatutakoak, originalak eta argitaratu gabeak” izan behar dutela gogorarazi zuten. Gutxienez minutu bat eta gehienez hiru minutu izan beharko dituzte bideoek (kredituak barne) eta ezinbestean Gaztezulo paperezko aldizkaria, digitala edota webgunea azaldu beharko da (zeharka zein istorioaren elementu garrantzitsu gisa). Halaber, azpimarratu zuten euskarazko lanak baino ez dituztela onartuko.
Parte-hartze epea bi astez luzatu dute orain eta, hartara, ekainaren 9ra bitartean (12:00ak baino lehen) aurkez daitezke lanak. Bidalketari dagokionean, .mov eta .mp4 formatuetan eta online bidali behar dira tori.eus edo wetransfer.eus bidez web@gaztezulo.eus helbidera. Lanez gain, parte hartzeko ahalbidetu duten formularioa bete beharko dute sortzaileek, taldearen izena, taldekideen izen-abizenak, jatorria, kontaktua eta bideoaren deskribapen txiki bat zehaztuz.
Jasotako lanak webgunean ikusgai jarriko ditu aldizkariak, eta ikusleek botoa emateko aukera izango dute ekainaren 16ra arte. Boto gehien dituenak Gaztezulo materialez osatutako opari sorta bat irabaziko du.
Bestalde, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz herri ekimeneko ordezkariak, @elemelonsv TikToker eta eduki sortzaileak eta Iruñe Astitz kazetari eta eduki sortzaileak osatuko dute epaimahaia, eta kalitate teknikoa, originaltasuna eta sormena kontuan izanda bi sari emango dituzte: lehenengo sariaren egileak 1.200 euro jasoko ditu, eta bigarrenak 300 euro.
Azken urteotan bezala, sari-banaketa ekitaldia Gaztezulo aldizkariaren Twitch kanalearen bidez egingo dute, zuzenean, irabazleekin zuzeneko konexioa eginez, eta epaimahaikideen hitzak jasoz. Sorpresak egongo direla aurreratu dute.
Oinarriak kontsulta ditzakezue, hemen.
Leave A Comment