Jasotakoen artean, hautaketa-batzordeak 40-45 lan aukeratuko ditu, eta uztailaren 20tik 22ra bitartean egingo duten jaialdi gasteiztarrean proiektatuko dituzte. Guztira, 8.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan.

Korterraza 2023-zinea

Film laburrak eta zuzeneko musika uztartzen dituen jaialdi berezia da Korterraza – Gasteizko Film Laburren Jaialdia. Hiriko gune ezberdinetan egiten da, batez ere, Artium Museoaren kanpoko terrazan, eta 2023ko edizioa uztailaren 20tik 22ra bitartean ospatuko dute. Kultura Kalean! Elkarteak antolatuta, otsailaren 27an ireki zuten 14. edizioa izango denean parte hartzeko deialdia, eta maiatzaren 18ra bitartean izan dute sortzaileek beren lanak bidaltzeko aukera.

Inskripzio-epea bukatuta, denera, 1.123 film labur jaso dituzte jaialdiko arduradunek, eta ekainean jakinaraziko dute behin betiko aukeraketa. Hautaketa-batzordeak 40-45 lan zehaztuko ditu, eta Korterraza 2023 katalogoaren parte izatera pasako dira; epaimahaiak erabakitako sarien onuradun izan daitezke.

Guztira, 8.000 euro banatuko dituzte. Besteak beste, sail ofizialeko lanek Alex Angulo Saria eta Keler Saria eskura ditzakete, eta ikus-entzuleek ere izango dute zeresanik, Publikoaren Saria-Laboral Kutxa Saria ebatziko baitute boto bidez. Komedia onena Eleyco Taldearen Sariarekin errekonozituko dute.

Bestelako jarduerak

Korterraza Gasteizek hiru proiekzio jardunaldi eta sei kontzertu eskainiko ditu jaialdiaren hiru egunetan, eta ondoren, abuztuan eta irailean, Korterraza Sensibiliza eta Korterraza Txiki saioek osatuko dute egitaraua. Gainera, ohiko erritmoari helduz, Arabako 40 herri inguru bisitatuko ditu jaialdiak. Korterraza Arabako emanaldietan parte hartuko duten ikusleek Korterraza Araba Saria eta Korterraza Araba Txiki Saria aukeratuko dituzte.

Musika egitarauari helduta, gaur gaurkoz Sex Museum taldea dago baieztatuta. Duela hiru hamarkadatik hona estatuko rockaren erreferente izan den taldea 2019an jaialdian egon ondoren itzuliko da.

Jaialdiaren inguruko informazio osatuagoa, hemen.