Espainiar zinemagintzari eskainitako Focus on Spain sail ez lehiakorraren baitan erakutsiko dituzte bi filmak. Etxepare Euskal Institutuak euskal zinemaren presentzia bermatzeko Krakow Film Festival jaialdiarekin egindako hitzarmenaren ondorio dira proiekzioak.

Krakow Film Festival-euskal leihoa-zinea

Lan dokumentalei, animaziozko filmei eta film laburrei eskainitako zinema jaialdirik zaharrenetakoa da Poloniako hiriburuan egin ohi duten Krakow Film Festival zinemaldia. Maiatzaren 28tik ekainaren 4ra bitartean ospatuko du 63. edizioan, eta 250 film inguru egongo dira ikusgai. Tartean, Etxepare Euskal Institutuak euskal zinemaren presentzia bermatzeko Krakow Film Festival jaialdiarekin egindako hitzarmenari esker, Euskal Herrian ekoiztutako bi proiektu erakutsiko dituzte.

Espainiar zinemagintzari eskainitako Focus on Spain sail ez lehiakorraren baitan, Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen ikuspuntutik torturan sakontzen duen Bi arnas (Jon Mikel Fernández Elorz, 2022) eta Enrique Villarreal ‘El Drogas’ musikariari eskainitako El Drogas (Natxo Leuza, 2020) dokumentalak proiektatuko dituzte. Film bakoitzak bi pase izango ditu, eta hain zuzen ere, bigarrenaren ostean solasaldirako tartea egongo da sortzaileekin.

Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikusaraztea du helburu Bi arnas filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bilduko dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilearena; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.

KRITIKA: Bi arnas: Itxi gabeko zauri baten erditzea

Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du Bi arnas dokumentalak, eta 2022ko maiatzaren 22an ikusi zuen argia. Izan ere, Irungo Amaia Kultur Zentroan erakutsi zuten aurrenekoz Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako lana, bi protagonista nagusien jaioterrian. Filma Donostia Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean aurkezteko aukera eduki zuten irailean, eta ordutik, herriz herri zein nazioartean ari dira emanaldiak egiten. NAIZek aurreratu duenez, “dokumentalaren lantaldeak iragarri du EITBk ere eskubideak erosi berri dituela”.  Martxoan Kataluniako TV3 telebista kateko ‘Sense ficció’ programaren baitan emititu zuten, eta 193.000 pertsona bildu zituen %10,1eko ikusle kuota egonkorra lortuz.

Jarraian dituzue filmaren emanaldiak:

  • Maiatzaren 30ean, 18:30ean, Agrafka zineman.
  • Ekainaren 2an, 16:00etan, Agrafka zineman. Proiekzioaren ostean, solasaldia egingo da.

Bestalde, Enrique Villarreal ‘El Drogas’ musikariari eskainitako dokumental biografikoa da El Drogas, eta ibai bat izango balitz bezala, euskal rock musikaren historiako izen garrantzitsuenetako baten dimentsio eta alderdi guztiak azalduko ditu. Villarrealen adierazpenek, artxiboko materialek, musika-emanaldiek eta lankideei egindako elkarrizketek osatuko dute. Halaber, bere bizitzan ezinbesteko izan dituen pertsonen hitzak jasoko ditu ere: Mamen Goñi emaztea, Gari eta Araia seme-alabak edota Marino Goñi edo Jose Landa bezalako lagun minak.

KRITIKA: El Drogas: Ibai bat izango balitz bezala

NARM Films-en ekoizpena da, Marmoka Films-en bazkidetzarekin. 2020ko Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean ikusi zuen argia Natxo Leuzaren proposamenak, eta Santa Cruz Tenerifekoann ospatutako DocuRock jaialdiko sari nagusia lortu zuen.

Jarraian dituzue filmaren emanaldiak:

  • Maiatzaren 28an, 16:00etan, Agrafka zineman.
  • Ekainaren 1ean, 18:30ean, Pod Baranami zineman. Proiekzioaren ostean, solasaldia egingo da.