Musika eta dantza ikuskizuna, zinema emanaldia, eta ostea, festa. Hitzordu gustagarria prestatu du Bang Bang Zinema elkarteak uda atarirako. Sarrerak eskuragarri daude Donostia Kulturaren webgunean zein Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan.
Nork ez ditu ABBA musika talde suediarraren kantuak abestu? Mamma Mia! musikal ospetsuaren ardatza bilakatu ziren, eta ostean etorri zen filma. Ezkontza bat dute biek ala biek istorioaren abiapuntu, eta berau Donostiako Antzoki Zaharrean berrinterpretatuko dute Bang Bang Zinemako kideek.
Ekainaren 17an (larunbata) egingo dute Mamma Mia! Bang Bang Show musika eta dantza ikuskizuna, 19:30ean hasita.
Ostean, Mamma Mia! (Phyllida Lloyd, 2008) komedia erromantikoa pantailaratuko dute, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin. Meryl Streep, Amanda Seyfried, Pierce Brosnan eta Colin Firth ditu aktore filmak.
Eguna zein ikasturtea borobiltzeko, Convent Gardenen eztanda egingo du festak. Hitzorduko kartela Unai Baquero diseinatzaileak sortu du.
Bi eratako sarrerak eros daitezke. Batetik, 10 euro ordainduta, ikuskizunera eta filmaren emanaldira gerturatzeko aukera egongo da. Bestetik, 20 euro ordainduta, jaira ere bertaratu daiteke.
Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Donostia Kulturaren webgunean zein Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan.
Leave A Comment