Zinemagileak egoitzan programaren baitan, errealizadore portugaldarrak bere lan metodologia partekatuko du zine eskolako Sorkuntza adarreko ikasleekin, eskolako baliabideekin proiektu zinematografiko bat garatu bitartean. Ekainaren 8an, haren opera prima –O sangue (1989)- programatuko du Tabakalerak; hilaren 3an, aldiz, Huillet – Straub bikote sortzaileari omenaldia eskainiko dio. Bi saioak 19:00etan izango dira.

Pedro Costa-eqze-zinea

Proiektu jakin batean murgilduta dauden zinemagileen sormen prozesuari bultzada eman, eta aldi berean, zinema ikasleekin hartu-emana sustatu eta belaunaldien arteko transmisiorako zein ikerketa eta bilaketa zinematografikorako espazio bat sortzeko asmoz, Elias Querejeta Zine Eskolak Zinemagileak egoitzan programa jarri zuen 2021-2022 ikasturtean martxan, Radu Jude egoiliar izatera gonbidatuz.

Aurten, sortzaile errumaniarraren lekukoa Pedro Costak hartuko du, eta ondorioz, Donostian egingo du egonaldia. Veneziako Mostran film onenaren Urrezko Lehoia irabazitakoa da portugaldarrak, Ossos (1997) lanarekin, eta Locarnoko Zinemaldian Urrezko Lehoinabarra eskuratu zuen orain arteko bere film luze berrienak, Vitalina Varela (2019).

Maiatzaren 29an hasiko du egonaldia Costak, eta eskolako baliabideekin proiektu zinematografiko bat garatu bitartean, bere lan metodologia partekatuko du EQZEko Sorkuntza adarreko ikasleekin. Hala, film bat osatzen duten materialak aztertzeko eta ekoizteko bitartekoei buruz duen kezka eta errealitatea irudikatzeko konpromiso sendoa landuko ditu lan saioetan.

Horrez gain, bere filmografia ere berrikusiko dute. Hain zuzen ere, berriki zaharberritutako portugaldarraren opera prima –O sangue (1989)- programatuko du Tabakalerak ekainaren 8an, eta Zinemaldia + Plus fokuaren baitan, berak propio aukeratutako eta aurkeztutako bi film eskainiko dituzte ere, hilaren 3an: Sicilia! (Danièle Huillet, Jean-Marie Straub, 1999) eta Où gît votre sourire enfoui? (Pedro Costa, Thierry Lounas, 2001), errealizadoreak Huillet eta Strauben filmaren muntaketa prozesura egindako hurbilketa, eta zinegile bikoteari egindako omenaldia.

EQZEk aurreratu duenez, Zinemagileak egoitzan programaren hirugarren egoiliarra Rita Azevedo Gomes lisboarra izango da, Correspondências (2016), A Portuguesa (2018) eta Danses macabres, squelettes et autres fantaisies (2019) lanen sortzailea. 2023-2024 ikasturtean bisitatuko du Azevedo Gomesek Donostia.