Ingurumen-aholkularitzako online kontsultoretza jasotzeko aukera izango dute proiektu irabazlearen ekoizleek. Irailaren 27an jakinaraziko dute onuraduna, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren baitan.

Ibaia-Bilibin Circular saria-Lau Haizetara Foroa-zinea

IBAIA Euskal Autonomia Erkidegoko Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkarteak jakinarazi duenez, iaz egin bezala, IBAIA – Bilibin Circular saria banatuko dute Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren baitan, irailaren 25etik 27ra bitartean ospatuko den XIX. Lau Haizetara – Dokumentalen Koprodukzio Foroan.

Jardunaldien azken egunean, irailaren 27an, iragarriko dute ingurumen-aholkularitzako online kontsultoretza gauzatzeko onura izango duen irabazlea. Zehaztu dutenez, “proiektuari errazagoa gertatuko zaio administrazioek abian jartzen dituzten laguntzak lortzeko administrazio horiek ezartzen ari diren beharrezko eskakizunak betetzea”.

Trantsizio ekologiko bete-betean murgilduta, IBAIAk interesgarria deritzo “eraldaketa horretara iritsi arte ikus-entzunezkoaren arloko gure enpresek egin behar duten bidean aktiboki laguntzea”. Hala, Basque Green Film proiektuaren idazkaritza teknikoaz arduratzen ari den Bilibin Circular ekonomia zirkularreko kontsultoretza-enpresarekin lankidetzan -Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak abiarazitako proiektua dena- bigarren urtez banatuko dute IBAIA – Bilibin Circular saria Donostia Zinemaldiaren baitan.

Izen-ematea zabalik

Dokumental baten proiektua lantzen ari diren eta harentzako Europar koprodukzioa bilatu nahi duten ekoizle independenteei zuzendutako deialdia da Lau Haizetara – Dokumentalen Koprodukzio Foroa. IBAIAk eta Donostiako Zinemaldiak antolatuta,  foroa elkargunea da, proiektuak finantzatzaile izan daitezkeenei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei ezagutzera emateko plaza.

Hiru atal nagusi ditu -Lantegiak, pitching saioak eta banakako bilerak-, eta 2023ko jardunaldiak irailaren 25etik 27ra bitartean egingo dituzte. Foroan parte hartu nahi dutenek, ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak.

Bete beharreko formularioa duzue hemen. Aldiz, deialdiaren oinarriak xehetasunez aztertzeko, sakatu hemen.