Jabi Elortegi bermeotarrak zuzendutako El Vasco (Dear Grandma) filmak Publikoaren Saria eskuratu du Chicago Latino Film Festival ospetsuaren 39. edizioan. 70. Donostia Zinemaldiaren Zinemira ataleko irekiera filma izan zen.

Pausoka Entertainment euskal ekoiztetxearen zein Prisma eta Oeste Film argentinarren arteko koprodukzio bat da El Vasco. 2022ko urrian izan zuen filmak estreinaldi komertziala gurean, eta bide paraleloa jorratu du nazioarteko jaialdietan. Besteak beste, Nantesko eta Miamiko zinemaldietan erakutsi dute eta, hain zuzen ere, AEB aldetik iritsi zaizkio taldeari azken berri onak: filmak Publikoaren Saria eskuratu dut berriki ospatu den Chicago Latino Film Festival ospetsuaren 39. edizioan.

Mikelek (Joseba Usabiaga), bihotza hautsita eta lanik gabe, soilik internet bidez ezagutzen duen osaba urrun baten gonbidapena onartuko du: Euskal Herria utzi eta Argentinara joango da, bizitza berri bat hasteko gai izango delakoan.

Baina bertara iritsi, eta Euskal Herri txiki bat dirudien herri batean kokatuko da, non bertako argentinarrek, arbasoen lurraldea inoiz zapaldu ez duten arren, sutsuki bizi dute beren euskalduntasuna. Herria zapaltzen duen unetik jabetuko da Mikel herri horretako bizitza Euskal Etxearen inguruan sortzen dela, eta bere iritsieran ‘Super Euskaldun’ bilakatuko da komunitate guztiaren begietara. “Euskaldun-euskaldun” bakarra; pertsonaia ospetsu bat, alegia.

Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru euskal aktoreen parte hartzeaz gainera, Eduardo Blanco eta Ines Efron aktore argentinarrek osatuko dute komedia kutsua izango duen fikzio honen aktore-taldea. Filmaren talde-teknikoa, aldiz, ondorengo profesional zerrendak bete du: Jabi Elortegi zuzendaria, Telmo Esnal (zuzendari laguntzailea) eta Jon Sangroniz (argazki zuzendaria).  Aurrez aipatu bezala, Pausoka Entertainment euskal ekoiztetxearen eta Prisma eta Oeste Film argentinarren arteko koprodukzio bat da lana, eta Fernando Velazquez arduratuko da soinu banda konposatzeaz.

2021ko abuztu amaieran hasi, eta bost astez luzatu ziren errodaje lanak Argentinako Morrison eta Villa Maria herrietan. Urrian, aldiz, Euskal Herrira itzuli eta Bizkaiko kostaldean gauzatu zituzten azken hartualdiak. Arestian aipatu bezala, 2022an ospatutako 70. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu zuten lana eta, horren ostean, urrian heldu zen filma areto-komertzialetara.

Urte hasieraz geroztik, bere filmen katalogora batu du HBO MAX streaming plataformak eta jatorrizko hizkuntzan ikusi dezakezue bertan.