Maiatzean matrizean proiekzio sortaren baitan, Sot a Terra kolektibo valentziarreko kide den Andrea Ruizek bere lan berrienaren aurrerapena aurkeztuko du. Saioa bihar, maiatzak 23, egitekotan ziren, baina “agenda arazoak direla eta”, gaur bertan gauzatuko dute ekitaldia.

sot a terra orbain kultur elkartea-zinea

Hilaren 2an abiatu zuen Gasteizko Orbain Kultur Elkarteak Maiatzean matrizean ekimena, eta asteartero dokumental bat eskaintzen aritu dira. Hurrengo saioa biharko zuten prestatuta (maiatzak 23), baina kultur elkartetik ohartarazi dutenez, “agenda arazoak direla eta”, hitzordua aurreratu egin behar izan dute. Bada, gaur bertan, 19:00etan izango da ekitaldia, bestelakoa izango dena.

Izan ere, oraingo honetan ez dute dokumental oso bat proiektatuko, baizik era aurrerapen bat. Sot a Terra kolektibo valentziarreko kide den Andrea Ruizek esku artean duen Sin miedo a los cables lanaren teaserra aurkeztuko du.

Elkarte kontrakultural feminista da Sot a Terra, gaueko aisialdirako espazioetan egiten diren topaketetatik sortu zena. Mugimendu sozial, azpikultura eta jaien barruan emakumeek duten ikusezintasunari gain hartzea du helburu kolektiboak, gizartearen ertzetan kokatutakoak aldarrikatzea.

Gaur Orbain Kultur Elkartearen egoitzan eraktusiko duten Sin miedo a los cables lanak Free-Party kulturan bizi diren emakumeen esperientziak hainbat puntutatik ezagutzea du helburu. Aipatutako esperientziek emakume horien identitate eta subjektibotasunen eraketan izan duten eragina dute ardatz, genero-rol tradizionalei eta horien ugalketari dagokienez sortzen den negoziazioa aztertuz.

Teaserraren emanaldiaren ondoren, Ruiz zuzendariak eta Soziologiako doktore ikertzaileak (Valentziako Unibertsitatea), eta Carme Almenar diseinatzaile grafikoak bideo-dei bidez parte hartuko dute Orbain Kultur Elkarteak atondu duen solasaldian.

Hurrengo saioak

Emakume indartsuak, emakume minduak, sufritzaileak, borrokalariak. Emakume sortzaileak, ezberdinak, ausartak. Emakume dibertigarriak, artistak. Emakumeak, finean, ari dira izaten Orbain Kultur Elkarteak Doku-Mental zikloaren barruan maiatzerako atondutako Maiatzean matrizean kultur proposamenaren protagonistak.

Proiekzio sortari amaiera Zuriñe López de Sabando Sainz zuzendariaren Genoma lanak emango dio, maiatzaren 30ean, eta saioan Belén Nevado zuzendariaren Sola en un bar bideoklipa ere emango dute.