Maiatza bukaera bitartean, 2022ko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko lan onenak ikusteko aukera egongo da Hego Euskal Herriko zein espainiar lurraldeko zenbait herritan. Gainera, mundu osoko krokis egileen ekarpena izango duen ‘El arte en el croquis de escalada’ liburua argitaratzeko crowdfunding kanpaina abiatu dute. Mendi Film festibalaren 16. edizioan erakusketa formatuan ere aurkeztuko dute.

Mendi Tour 2023-zinea

Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte.

Abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatu zuten 2022ko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia, hamabosgarrena, eta ohi bezala, mendiarekin erlazionatuta dauden gaiak jorratu dituzten filmak jarri zituzten lehian.  Bada, urtero legez, behin festibala bukatuta, Mendi Filmen ikusgai izan diren lan onenak herriz herri erakutsiko dituzte urte osoan zehar. 2023ko Mendi Tour ziklo ibiltaria abian da urtarrilaz geroztik, eta dagoeneko 18 geldialdi egin ditu, 8.500 ikusle batuz.

Udaberri bete-betean, emanaldi andana egin dituzte, eta maiatza bukaeran ere sendo jarraituko dute. Hilaren 23an, Azpeitia bisitatuko du ziklo ibiltariak, eta lau film labur egongo dira Soreasu Antzokian ikusgai: Iretargi (Janire Etxabe), New Way Up (Jake Holland), Spindrift: The Barry Blanchard Story (Ivan Hughes) eta Doo Sar (Jakub Gzela). Saioa 19:00etan abiatuko dute, eta sarrera bakoitzak 5 euro balio du.

Egun berean, Mendia, abentura eta natura zikloaren baitan, Burgosko Giza Eboluzioaren Museoan egingo du geldialdia egitasmoak. 20:15ean hasita, Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2022 irabazi duen Lobos (Marina Garcia Andreu) film laburra eta sail ofizialean lehiatu den El retorno (Alberto M. Flechoso) emango dituzte. Hurrengo egunean ere, toki eta ordu berean, Mendi Tourraren saioa hartuko du museoak: Yhabril. El buscador de luz (Phelipe Eizaguirre Irujo), Joy (Aner Etxebarria Moral) -film labur onenaren sariaren irabazlea- eta Into the Ice (Andrew Opila). Aldiz, maiatzaren 25ean, Burgosko Van Golem Arlanzón zineman egingo dute saioa: Adrenaline Sucks (Chase Odgen), This is Beth (Jen Randall) -epaimahaiaren saria- eta From Shade to Light (Sébastien eta Davina Montaz-Rosset) -zuzendari onenaren saria-.

Hilaren 25ean bertan, Zarautz bisitatuko du bigarrenez Mendi Tourrak. 20:00etan, Modelo aretoan ikusgai izango dira Iretargi (Janire Etxabe), Yhabril. El buscador de luz (Phelipe Eizaguirre Irujo), A Baffin Vacation (Sarah McNair-Landry & Erik Boomer), New Way Up (Jake Holland) eta Everest – Sea to Summint (Michael Dillon) lanak.

Eskaladarako krokisak: liburua eta erakusketa

Herriz herrikako emanaldiek jarraipena izango dute ekainean ere, eta urte bukaera arte iraungo dute. Ohi bezala, abenduan egingo da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren edizio berria, hamaseigarrena, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, mundu osoko krokis egileen ekarpena izango duen erakusketa hartuko du. Gaur gaurkoz, liburu formatua ari dira lantzen, ‘El arte en el croquis de escalada’ izena duena, eta crowdfunding kanpaina abiatu dute ekimena finantzatzeko. Vermaki plataforma bidez egin daiteke ekarpena. Dagoeneko, 14.000 eurotik gora bildu dituzte, eta erronka, 20.000 eurora heltzea da.

Eskalatzaileen artean informazioa partekatzeko modua izan da krokisak marraztearena. Idatzizko kontakizunaren osagarri ezinbestekoa izan da beti, eta baliabide teknologikoen garapenarekin batera eraldatu da, arkatz eta paperetik hasi eta aro digitaleko tresneriaz baliatzeraino.