2023an, ikus-entzunezko atal berri bat inauguratu dugu ZINEA atarian. Euskal Herriko zinema zuzendarien filmografiak errepasatzeko asmoz, bideo sorta osatzen joango gara FILMOGRAFIAK izenburupean.
Izan zirelako gara eta, noski, garelako izango dira. Doakie, beraz, gure begirunea.
XX. mendean Euskal Herrian jaiotako zinemagileen artean ibilbide garrantzitsuena izandako autorea da Yannick Bellon. Kulturaren munduarekin konprometitutako familia aurrerakoi batean jaio zen, Biarritzen (Lapurdi), 1924 urtean.
24 urte zituela zuzendu zuen bere lehendabiziko film laburra Goémons (1948), eta Sari Nagusia jaso zuen Veneziako Biurtekoan. Gertakari honi esker, ezagutarazi zuen bere burua. Aldiz, 1972an zuzendu zuen bere fikziozko lehen film luzea: Quelque part quelqu’un (1972), bere buruz beste egin zuen Henry Magnan senar ohiari omenaldia eginaz. 1974an, Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra irabazi zuen La Femme de Jean filmarekin, emakumeen askatasunaren eta emantzipazioaren aldeko lana.
Hain zuzen ere, ikuspegi feministak gailendu zen bere ibilbide osoan zehar, bera arduratu eta zeharkatzen zuten gaien inguruko hausnarketak erakusten zituzten filmak eginez: denbora eta oroimena Jamais plus toujours (1976) lanean; bortxaketa L’amour violé (1978)-n; bularreko minbizia L´amour nu (1981)-n; artea bazterkeria gainditzeko baliabide gisa Les enfants du désordre (1989)-n; bisexualitatea La triche (1984)-n eta ekologia L´affût (1992) filmean. 2001ean, Chris Markerrekin batera, ama omendu nahi izan zuen Le Souvenir d’un avenir filmarekin.
2018an zuzendu zuen bere azken lana D’où vient cet air lointain?, 2019ko ekainaren 2an zendu baitzen.