Ekainaren 26an ospatu ohi den Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunaren harira, Gogora Institutuak Karpeta Urdinak (Ander Iriarte) eta Bi arnas (Jon Mikel Fernandez Elorz) dokumentalak eskainiko ditu erakundearen egoitzan. Bi emanaldien ostean, zuzendariekin eta zeinu desberdineko biktimekin solasaldia izango da.
Documenta Madrid jaialdian Publikoaren Saria eskuratu berritan, Ander Iriarte oiartzuarraren Karpeta Urdinak dokumentalak abiatuko du Gogora Institutuak antolatutako Torturaren aurkako astearen baitan antolatu duen zinema zikloa. Ekainaren 20an, 18:30ean emango dute, erakundearen egoitzan.
Ander Iriartek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana-ren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du.
Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psiokologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz.
KRITIKA: Karpeta Urdinak: Hemen torturatu da
Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko ZINEMIRA atalek bere gain hartutako filmetako bat izan zen Ander Iriarte oiartzuarraren dokumentala. Bizkor saldu ziren emanaldi guztietarako sarrerak, eta filmaz gozatzeko gogoz gelditu ziren herritar asko. 2022ko urrian, Gasteizen ospatutako Euskal Zinema Dokumentalaren 8. Astean programatu zuten filma, areto-bete orduan ere, eta Amsterdamgo IDFAn zein Miarritzeko FIPADOC Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiko Documentaire Impact atalean zein Censurados Film Festival (CFF) – Peruko Giza Eskubideen Zinemaldian lehiatu da
Bestalde, ekainaren 22an, Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen ikuspuntutik torturan sakontzen duen Bi arnas lana pantailaratuko dute, toki eta ordu berean. Aurretik, maiatza bukaeran Krakow Film Festival zinemaldian erakutsiko dute sortzaileek dokumentala, eta NAIZek aurreratu duenez, “dokumentalaren lantaldeak iragarri du EITBk ere eskubideak erosi berri dituela”. Martxoan Kataluniako TV3 telebista kateko ‘Sense ficció’ programaren baitan emititu zuten, eta 193.000 pertsona bildu zituen %10,1eko ikusle kuota egonkorra lortuz.
Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikusaraztea du helburu filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bilduko dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilearena; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.
KRITIKA: Bi arnas: Itxi gabeko zauri baten erditzea
Bi arnas dokumentalak Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du, eta 2022ko maiatzaren 22an ikusi zuen argia. Izan ere, Irungo Amaia Kultur Zentroan erakutsi zuten aurrenekoz Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako lana, bi protagonista nagusien jaioterrian. Filma Donostia Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean aurkezteko aukera eduki zuten irailean, eta ordutik, herriz herri zein nazioartean ari dira emanaldiak egiten.
Bi emanaldien ostean, zuzendariekin eta zeinu desberdineko biktimekin solasaldia izango da. Horietara bertaratu nahi dutenek institutuaren webgunean lor dezakete gonbidapena.