Euskal estreinaldiek izan duten arrakastak ikus-entzuleak zinema aretoetara gerturatu dituela ondorioztatu du EZAE – Euskal Zinema Aretoen Elkarteak. Bidaiariak zinera! kanpainari esker, zinemazaleek bi euroko deskontu zuzena izaten ari dira euskal filmen sarreretan.

EZAE 2023-zinea

Euskadiko zinema-areto pribatuak biltzen dituen EZAE elkarteak urtarrilean jakitera eman zuenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoak pandemiaren ondorioz galdutako indarra berreskuratzen hasi ziren iaz, eta badirudi, urte berriko lehen erdia pasata bide onetik jarraitzen dutela. 2023ko apirilaren 30era bitarteko datuak aztertuta, 2022ko aldi bereko ikusleekin konparatuta, % 50 hazi da kopurua (Gipuzkoan, % 62; Araban eta Bizkaian, % 44).

Euskal ekoizpenek izan duten harrera beroak eragindako igoera dela ondorioztatu du EZAEk. Batez ere, Irati (Paul Urkijo) eta  20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola) filmek hurbildu dituzte herritarrak zinema aretoetara, izan ere, aspaldi estreinatu badira ere, oraindik karteldegietan finko daude. ICAAren arabera, gainera, espainiar lurraldeko 10 estreinaldi onenen artean ere mantentzen dira.

Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan ostean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zen Urkijo iragan urtean, bere proiektua Iratiko basoa bezain handi badela erakutsiz. Otsailaren 24an, azkenik, zinema aretoetara iritsi zen Irati filma, eta nola gainera.

Zuzendari arabarraren bigarren film luzeak euskal mitologia ardatz duen ekoizpen epikoa pantaila handian ikustera bultzatu ditu Hego Euskal Herriko ikus-entzuleak. 30 kopia izan ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta estreinaldi asteburuko film ikusiena bilakatu zen; guztira, 112 kopiarekin estreinatu zen espainiar lurraldean, erdiak baino gehiago euskarazko jatorrizko bertsioan, Handia-k (2017) ezarritako marka gaindituz. 131.308 ikusletik gora pilatu zituen, eta dagoeneko 150.000eko mugarria ere txiki utzi du.

KRITIKA: Irati: Euskal kondairen lurraldea

Bestetik, nazioarteko jaialdien ibilbidean bete-betean murgilduta egonik, Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia ireki zuen apirilaren 21ean 20.000 especies de abejas filmak, eta egun berean Hego Euskal Herriko eta espainiar lurraldeko 100 zinema areto baino gehiagotan egon zen ikusgai. Urresolaren opera primak 17.000 ikus-entzule bildu zituen lehen asteburuan Araban, Bizkaian eta Gizpuzkoan; estreinaldirik onena izan zen.

Berlingo Zinema Jaialdian izan zuen ekoizpenak mundu mailako estreinaldia, eta arrakastatsu suertatu zen. Izan ere, Sofia Otero aktore gazte basauriarra aitortu zuten sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzarekin. Malagan lehiatu zen filma ostean, eta Patricia López Arnaiz taldeko emakumezko aktore onena izendatu zuen epaimahaiak. Hong Kongen, aldiz, emakumeen aktore-talde guztia nabarmendu dute.

KRITIKA: 20.000 especies de abejas: Aniztasunaren jainkoak

Bi ekoizpenok ikustera joan direnek bi euroko beherapen zuzena izan dute sarreretan, Bidaiariak zinera! kanpainaren zazpigarren edizioaren baitan. Zineuskadi Elkarteak sustatutako ekimenak ikus-entzuleak zinema-aretoetara erakarri eta euskal zinemari bultzada emateko asmoa dauka, eta onuradun izan dira ere azken asteotan estreinatu diren Las buenas compañías (Silvia Munt), eta A los libros y las mujeres canto (Maria Elorza) eta Gelditasuna ekaitzean (Alberto Gastesi) lanak.