Kowalski Filmsek ekoiztutako La consagración de la primavera (Fernando Franco) filma pantailaratuko dute, ekainaren 22an, Azkuna Zentroan kokatutako Golem Alhondiga zinema aretoan, eta Telmo Irureta aktore zumaiarrak aurkeztuko du saioa. Zikloaren baitan, Irati (Paul Urkijo) eta Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua) ere erakutsiko dituzte, Gironan eta Palman.
Icarión bidaia operadorearekin lankidetzan, Espainiako Zinema Akademiak 2023ko Goya Sarien ekitaldian hautagai izan diren hainbat film eskainiko ditu espainiar lurraldeko eta Hego Euskal Herriko bederatzi hiritan, doan. Pantaila handiaren bidaia handia (El gran viaje de la gran pantalla) izenpean, maiatzaren 25ean abiatuko dute ekimena, Malagan, eta ekainaren 29an Palman izango dute azken hitzordua. Saio bakoitzera garaikurra jaso duen aktore bat gonbidatuko dute.
Bidaia handiak Bilbo bisitatuko du, ekainaren 22an. Azkuna Zentroan kokatutako Golem Alhondiga zinema aretoetan Kowalski Filmsek ekoiztutako La consagración de la primavera (Fernando Franco) filma pantailaratuko dute, gizonezko aktore berri onena izendatu zuten Telmo Irureta aktore zumaiarrak aurkeztuta.
KRITIKA: La consagración de la primavera: Sexualitatearen esnatzea
Ez da ordea euskal partaidetza duen proiektu bakarra izango, izan ere, ekainaren 16an, Gironako Truffaut zineman, euskal mitologia ardatz duen Irati (Paul Urkijo) film epikoaz hitz egingo du Eneko Sagardoyk. Arlo teknikoetako bost kategoriatan izan ditu hautagaitzak, baina ez du bat ere ez irabazi. Zinema jaialdietan eta ikus-entzuleen artean arrakastatsu izan da, ordea.
Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan ostean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zen Urkijo iragan urtean, bere proiektua Iratiko basoa bezain handi badela erakutsiz. Otsailaren 24an, azkenik, zinema aretoetara iritsi zen Irati filma, eta 150.000 ikus-entzule baino gehiagok ikusi dute dagoeneko.
KRITIKA: Irati: Euskal kondairen lurraldea
Azkenik, ekainaren 8an, Valladorliden, eta ekainaren 29an, Palman, 2023ko Goya sariketan zinemagile berri onenaren garaikurra jaso duen Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak zuzendutako Cinco lobitos opera prima emango dute. Taldeko emakumezko aktore onenaren saria irabazi duen Susi Sanchezek aurkeztuko du ekimenari bukaera emango dion saioa.
KRITIKA: Cinco lobitos: Norbaitek eutsi behar dio
Berrasmatzeko beharra
Fernando Méndez-Leite Espainiako Zinema Akademiako Presidenteak adierazi duenez, Pantaila handiaren bidaia handia ekimenaren helburua da “zinema ikustearen zentzua sustatzea eta herritarren eguneroko jardueretan integratzea”. Zinemari eskainitako maitasun-kantua izateko asmoz atondu dute abentura berri hau, eta egun aretoek bizi duten une konplikatua jakitun, “berrasmatu” egin behar dela ere gehitu du: “Aldaketei aurrea hartu behar zaie, eta ikusleari aparteko plusa eskaini”. Hala, emanaldiak hiri bakoitzeko gune historikoetan egingo dituzte, hala nola, aire libreko plazetan, zinema historikoetan, antzokietan, unibertsitateetan eta baita kartzela batean ere.
Beren aldetik, Icárion bidaia operadoreko zuzendaria den Fernando Sanchezek eta World2Meet-eko marketing zuzendaria den Ana Garciak zera nabarmendu dute: “Zinemak eta bidaiek lotura estua dute. Nork ez du amestu zenbait filmetako lokalizazioren batera bidaiatzearekin? Harreman atsegina dugu, eta, horregatik, Goyaetako zinemarik onenaren gune geografiko ezberdinetara eramango gaituen ekimenarekin bat egin nahi izan dugu”.
Ezagutu Pantaila handiaren bidaia handia ekimenaren egutegia, HEMEN.