Jara Ayucarrek Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuko (ICAA) Marketin Politiken zuzendaritza hartuko du bere gain maiatzaren 15etik aurrera. Orain arte Spanish Screenings XXL ekimenaren arduraduna zenak, Tito Rodriguez ordezkatuko du karguan.

Gizarte Zientzia eta Komunikazio ikasketak burutu zituen Deustuko Unibertsitatean (Donostia), eta ‘Ikus-entzunezkoen eta Dokumentalen Idazketa: narrazio-estrategiak eta ekoizpen-prozesuak’ espezializazio prestakuntza ere egin zuen EHUn (Leioako Campusa).

Ayucarrek 2009an hasi zuen bere ibilbide profesionala Donostiako Zinemaldiko Industria sailean. Orduz geroztik, Donostia Zinemaldiko Industry Club deiturikoaren ardura nazioarteko ikus-entzunezkoen sektorearekin lotutako beste hainbat lanekin uztartu du; nazioarteko hainbat merkatutan (MIPTV, MIPCOM, Berlinaleko EFM, Cannesko Zinemaldiko Marché du Film, FICG), zinema-banaketan (One Eyed Films, London), telebista-produkzioan (Bainet TV), FICGeko merkatuaren antolaketan; San Cristóbal de las Casaseko lehen Nazioarteko Zinemaldiko proiekzioen moderatzaile eta koordinatzaile gisa; eta AECIDek Guatemala Zaharrean duen Prestakuntza Zentroaren programazioaren arduradun aritu da, besteak beste.

Gurera ekarrita, Zineuskadiko komunikazio-arduradun aritu zen urte luzez, eta zinema-merkatuetako sektorearen nazioartekotze-adarraz arduratu zen ere (Basque Audiovisual). 2018an, NOKA Mentoring proiektua bultzatu zuen, euskal emakume zinemagileei zuzendurikoa. Halaber, Ayucarrek epaimahaikide lanak burutu zituen hedabide honen VI. Kritika Lehiaketan.

Izendapen berria iritsi zaion unean, Spanish Screenings XXL ekimenaren arduraduna zen.