Akitania Berria eskualdearekin hitzartutako 2021-2023ko helburu eta baliabide kontratuaren karietara, fikziozko film laburrei zuzendutako deialdia jarri du martxan Kanaldude – Ipar Euskal Herriko euskarazko web telebista parte-hartzaileak.

Kanaldudeko ordezkariek eta alor profesionalean jarduten duten irakurleek osatutako hautaketa-batzorde batek aztertuko ditu deialdiaren baitan jasoko dituzten txostenak, eta horien arteko 3 film laburren aurre-erosketa egiteko konpromisoa hartuko du telebista kateak, 9.000 eta 10.000 euro arteko ekarpena eginaz.

Gutxienez honako irizpideetako bat betetzen duten film laburrak galdegin dituzte deialdira:

– Proiektua eramaten duen ekoizpen-egitura Akitania Berria eskualdeko lurraldean finkatua izan behar da eta nagusiki ikus-entzun edo zinema ekoizten du (APE 5911 A edo C kodea duten sozietate edo elkarteak)

 – Proiektua eramaten duen autore edo zuzendariak bere bizitegi nagusia Akitania Berria eskualdeko lurraldean du 2

– Proiektuak kultur harreman azkarra du Akitania Berriarekin; izan lurraldeko ezaugarri kultural, historiko, sozial edo ekonomikoekin.

Halaber, film laburrei dedikatu diru-laguntzak galdegiteko eta muntaketa finantzario baten perspektiban, txostena nagusiki frantsesez idatzia aurkez dadin aholkatua dute, gidoia euskaraz idatzia izan daiteke. Txostenean, aldiz, ondoko elementuak agertu beharko dira:

– Fitxa tekniko bat autore, zuzendari, produktore eta koproduktoreen deitura helbideekin; produkzioaren plangintzarekin; filmaren ezaugarri teknikoekin (iraupena, formatua, hizkuntza…); filmaketa eta postprodukzio lekuekin; aktoreak, talde artistiko eta teknikoaren zerrendarekin.

– Filmaren laburpena

– Autorearen xede nota.

– Produktorearen xede nota.

– Gidoia

– Zuzendaritza nota bat filmaren tratamendua zehazteko.

– Aurrekontu zehatza

– Finantzamendu-plana, bildu diren finantzamenduak zehaztuz

– Autoreen eta film-egileen CVa

– Proiektu-eramaile den produkzio sozietatearen edo elkartearen aurkezpena.

– Autorearen eta produktorearen artean izenpetu eskubideen lagatze kontratuaren kopia bat

Bada, maiatzaren 31ra bitartean jasoko dituzte hautagaiak. E-posta bidez eta fitxategi bakarrean (PDF formatuan, gehienez 10 Mb) aurkeztu beharko dira, hurrengo helbide honetara: loic@kanaldude.eus .