EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) antolatu du mugaz gaindiko uda ikastaroa, eta uztailaren 21ean egingo da, Baionako Cité des Arts jauregian. Josu Martinez zinemagile, idazle eta komunikazioan doktorea zein Graxi Irigaray Historian graduatua eta Kultura, Artea eta Gizartea masterreko tituluduna dira zuzendariak.
Ipar Euskal Herrian zinemagintzaren alorrean lan egiten duten eragile nagusiak elkartu eta hurrengo urteetan sektorea pizteko aukera eta erronka nagusiei buruzko gogoeta partekatua egiteko helburuz, EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) Zinema Ipar Euskal Herrian. Urrats bat aurrera? ikastaroa eskainiko du uztailaren 21ean.
Josu Martinez zinemagile, idazle eta komunikazioan doktorea zein Graxi Irigaray Historian graduatua eta Kultura, Artea eta Gizartea masterreko tituluduna dira zuzendariak jardunaldiaren zuzendariak. Ikastaroa aurrez aurre egingo da, Baionako Cité des Arts jauregian, eta hizkuntza ofizialak euskara zein frantsesa dira. Itzulpen zerbitzua eskuragarri izango da.
Sektoreko profesionalak (zinemagileak, ekoiztetxeak, zinema-gelak), Iparraldeko instituzioak eta unibertsitateak bilduko ditu ikastaroak, eta mahai-inguruak, filmen proiekzioak eta sortzaileekin elkarrizketak atondu dituzte. ‘Ipar euskal Herriko gaur egungo zinemagile belaunaldi berria’ izenpean, Itziar Leemansek, Elsa Oliarej-Inesek, Eñaut Castagnetek eta Maia Iribarnek hartuko dute lehenik hitza, eta Safy Nebbou aktorea elkarrizketatuko dute gero.
Parisetik autore zinema euskaraz lantzen duen Eugene Green zinemagilea aurkeztuko du Martinezek berak goizari bukaera emateko, eta bazkaltzeko tartea hartuko dute arratsaldeko saioei ekin aurretik. Fred Premel ekoizleak Bretainiako ikus-entzunezko sistema, eta bretoierazko ikus-entzunezkoen sorkuntza izango du aztergai ostean. Jarraian, Iparraldeko zinemaren egoeraren diagnostikoa egin eta proposamenak jaurtiko dituzte Ramon Zallko, Graxi Irigaraik, Patxi Azpillagak eta Martinezek.
Ikastaroa agurtzeko, hainbat film labur pantailaratuko dituzte: Lepokoa (Safy Nebbou), Preso egon behar denaren gogoa (Eugene Green), Bainera (Itziar Leemans), Nortasunak (Elsa Oliarj-Ines) eta Muga (Eñaut Castagnet).
Gogoeta partekatua egiteko garaia
Azken urteotan aurrerapen handiak izan dira Ipar Euskal Herrian zinemaren eremuan: historian lehen aldiz, lurraldean ekoiztetxeak sortu dira, zinemagile gazte belaunaldi bat agertu da, eta sektorea egituratzeko bidean jarri da. Dinamika horrez oharturik eta Hegoaldean zinemak hartu duen pisuak akuilaturik, Iparraldean konpetentziak dituzten 7 instituzio publikok, 2022an, EHUko NOR ikerketa taldeari txosten bat eskatu zioten, lurraldean zinema eta ikus-entzunezko egoerari buruz; hondarrean, sustapenera bideratutako politika publikoak inplementatzeko prekonizazioak eskatuz.
Orain arteko bidea norbanako eta eragile kementsu batzuen lanari zor zaio gehiago, aldez aurretik diseinatutako estrategia bati baino. Bada, aurrera begira jarri, eta gogoeta partekatua egiteko unea heldu dela deritzote Ipar Euskal Herrian. Urrats bat aurrera? ikastaroko antolatzaileek, hurrengo urteetan, Iparraldean zinemak jauzi handi bat eman dezan: “Mundu osoan ikus-entzunezkoen arloan ematen ari diren joerek, mugaz gaindiko harremanek, eta lurraldeak eta euskarak egun dituzten aukera eta beharrizanek horretara bultzatzen gaituzte”.
ZINEAn Josu Martinez elkarrizketatu genuen iaz, Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza liburuaren aurkezpenaren harira, eta solasaldiaren bigarren zatian Ipar Euskal Herriko zinemaren egoeraz mintzatu zitzaigun: “Iparraldea momentu honetan dago Hegoaldea 70eko edo 80ko hamarkadetan zegoen antzeko momentuan”.
Jarraian duzue elkarrizketaren laburpen-bideoa:
Leave A Comment