Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak seigarren urtez sustatu dute Durangoko Azokan emango duten SORMEN BEKA DA!. Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da.
Sortzaile berriaren definiziorako, aurkezten duen proiektua zirkuitu profesionalean bere lehen edo bigarren lana izatea hartzen du kontuak deialdiak. 2023an ere, diziplina arteko uztarketarako bidea zabaldu dute antolatzaileek, baina ume eta familiei zuzendutako proposamenek izango dute lehentasuna.
Lana ikuskizun bat izan daiteke (zirkua, antzerkia, ipuin kontaketa…) edo euskarri bat (mahai jolasa, musika, bideoa…), baita horien arteko nahasketa bat ere: ikus-entzunezko bat esaterako. Sarituko den proposamena, 2024an, Saguganbara guneak bere gain hartuko duen eskaintzetako bat izatea ere bada helburua.
Aurreko bost edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezko, proiektu digitalak eta arte eszenikoko proposamenak saritu dira. Honako hauek:
– 2018: ATOPIArpg euskarazko rol jokoa (literatura)
– 2019: Kai Nakai. Iratxe Agileraren lehenengo lana (musika)- 2020: Bañolet. Lau ataletako telesaila (ikus-entzunezkoa)
– 2021: Barraka. Bideojokoa. Egilea: Ibai Aizpuru
– 2022: Eukalyptus dantza-antzerkia, Jon Ander Urresti sortzailearen proposamena. (58. Durangoko Azokan estreinatuko da).
Oinarriak eta epea
2023ko irailaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan, itxiko da lanak aurkezteko epea. Interesdunek, proiektuaren memoria xehekatua (gaia, motibazioa, luzera, kronograma…), sortzailearen kurrikuluma eta portfolioa eta eskaera formularioa aurkeztu beharko dituzte deialdira. Bidalketa bideari dagokionez, proposamenak posta elektronikoz helarazi dira hurrengo helbide elektronikora: gerediaga@durangokoazoka.eus.
Proiektu hautatuaren ebazpenerako, kontuan hartuko dira, besteak beste, honen gaitasun berritzailea eta originaltasuna; proiektuaren hedatze ahalmena eta proiektuaren defentsarako aurrez-aurreko gaitasuna.
Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu, eta hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Bada, 2023ko abenduan ospatuko den Durangoko Azokan emango dute lan irabazlearen berri, eta urtebeteko epea izango du hautatuak proposamena burutzeko. 59. Durangoko Azokan (2024an) erakutsiko du emaitza.
Oinarriak, informazio gehigarria eta formularioak: www.duragokoazoka.eus
Leave A Comment