Zinema Euskaraz programak Alan giza antena animaziozko filma estreinatuko du ostiral honetan EAEko lau zinema-aretotan. Publiko orokorrari bideratua dagoen film danimarkarra da, Amalie Næsby Fick zinemagileak zuzendurikoa.

Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den bosgarren filma da, Yuku eta Himalaiako lorea, Momiak, Lau ahizpa magikoak eta Mavka: basoaren zaindaria lanen ostean.

Filma gaurtik aurrera proiektatuko da Getxo Zinemak, Golem Alhóndiga (Bilbo), Gorbeia Zinemak (Gasteiz) eta Principe (Donostia) zine-aretoetan. Halaber, datozen asteetan, Villabonan, Basteron (Andoain), Zarautzen, Beasainen eta Niessenen (Errenteria) ere ikusi ahal izango da.

Bide honetan, euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoa berresten jarraitu nahi du ekimenak. Euskal zinema-sektoreari laguntzeko apustuari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan.

Hala, datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, beste film batzuk ere helduko dira zirkuitu komertzialera. Horien artean, datorren ekainaren 16an Superheroien familia; abuztuaren 25ean Una aventura gigante eta irailaren 22an Dragonkeeper.

Alan giza antena

Alanek 11 urte ditu, eta uda bakarti batean giza-antena lanak egiten amaitzen du, objektu hegalari ezezagunekin obsesionatuta dagoen bizilagunarentzat. Baina aurkitzen dutena Britney da, estralurtar neska bat. Eskolarako lan bat egiten ari da giza arraza primitiboari buruz. Alanek etxera itzultzen lagundu beharko dio, neska giza espeziea ulertzen saiatzen den bitartean.