Mundakan filmatzen hasi dira Nina, Andrea Jaurrieta zinemagile iruindarraren bigarren pelikula luzea, eta Bermeoko hainbat txokotan ere izango dira datozen 6 asteetan. Lanak Patricia Lopez Arnaiz eta Dario Grandinetti aktoreak izango ditu protagonista.

Ana de día (2018) opera prima arrakastatsuaren bermea lagun ekin dio Jaurrietak Nina film berriaren errodajeari. Lehendabiziko filma izandako horrek, hain zuzen, Zuzendaritza Berri Onenaren Goya Sarietarako hautagaitza ekarri zion, eta arrakasta handiz aurkeztu zen Malagako Zinema Espainiarraren Jaialdian eta BAFICIn. Jaurrietak, gainera, Medina del Campoko Zinemaldian eta Bartzelonako D’A Autore Zinemaldian estreinatu berri du Ballenas aplastadas por el hielo film ertaina.

Filma 6 astez filmatuko da Mundakako eta Bermeoko (Bizkaia) hainbat lekutan. Aurrez, Torino Feature Lab, Espainiako Zinema Akademiaren Egoitza programan, New Horizons Studio+, Atlántida Film Fest eta Abycine Lanza laborategietan, besteak beste, parte hartu du.

Zuzendariaren hitzetan, Nina “thriller bat da, emakume western garaikide bat; non iragana eta oraina mendeku istorio batean batzen diren”. Patricia Lopez Arnaiz (Ane, 20.000 especies de abejas) Goya sariduna eta Dario Grandinetti (Hable con ella, Empieza el baile) Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorraren irabazlea ditu protagonista. Aktoreen artean, Aina Picarolo, Iñigo Aranburu, Mar Sodupe eta Ramon Agirre daude.

Proiektua BTEAM PRODS (Las Niñas, Mantícora), ICÓNICA (El Autor), IRUSOIN (Suro, La trinchera infinita, Agur Etxebeste!, Loreak…) eta LASAI PRODUCCIONES (Ana de día) ekoiztetxeen arteko koprodukzio lana da, eta BTEAM PICTURESek banatuko du zinema aretoetan 2024an. Halaber, ETB, MOVISTAR +, FILMIN eta VODAFONE TVk parte hartzen dute, eta ICAA, Eusko Jaurlaritza, Madrilgo Erkidegoa eta Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du proiektuak.