Oraindik Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hainbat zinema aretotan ikus badaiteke ere -otsailaren 24an estreinatu zen-, Irati filma Prime Video plataforman ere aurki daiteke iragan ostiraletik aurrera. Bada, bertako lanik ikusiena izan da asteburuan.

Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan ostean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zen Paul Urkijo iragan urtean, bere proiektua Iratiko basoa bezain handi badela erakutsiz. Otsailaren 24an, azkenik, zinema aretoetara iritsi zen Irati filma, eta nola gainera.

Zuzendari arabarraren bigarren film luzeak euskal mitologia ardatz duen ekoizpen epikoa pantaila handian ikustera bultzatu ditu Hego Euskal Herriko ikus-entzuleak. 30 kopia izan ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta estreinaldi asteburuko film ikusiena bilakatu zen; guztira, 112 kopiarekin estreinatu zen espainiar lurraldean, erdiak baino gehiago euskarazko jatorrizko bertsioan, Handia-k (2017) ezarritako marka gaindituz. 131.308 ikusletik gora pilatu zituen, eta dagoeneko 150.000eko mugarria ere txiki utzi du. Oraindik ere, Hego Euskal Herriko hainbat zinema aretotan dago ikusgai, eta jaialdietan ere sendo ari da ibilbidea egiten.

Apirilan ospatu berri de Brussels International Fantastic Film Festival hitzorduaren 41. Edizioa izan du azkena, nazioarteko filmak lehian jarri dituen atalean. Hain zuzen, hilaren 16an pantailaratu zuten. Bada, zinema aretoetan ikusgai izateaz gain, gaurtik aurrera Amazonen Prime Video plataforman ere aurki daiteke filma.  Jatorrizko bertsioan zein gazteleraz bikoiztuta ikus daiteke, beti ere, euskarazko, gaztelerazko, galizierako eta gaztelerako azpitutuluak txertatzeko aukerarekin.

Ikusi filma online, hemen.

Euskal mitologia ardatz

Naturaltzat jo dezakegun pausoa eman du Urkijok. Errementari (2017) opera primaren eta Dar-dar (2020) film laburraren ostean, euskal zinema fantastikoaren ordezkari bilakatu zaigu gasteiztarra, gaur arteko euskal proiektu garestienaren erantzule. Euskal mitologian oinarritutako istorio epikoa du abiapuntu Irati-k, eta J.L. Landaren eta J. Muñozen El ciclo de Irati eleberri grafikoaren egokitzapena da. Lamiak, jentilak, Mari, Sugaar, basajaun, zaldunak, borrokak, traizioa, epika, maitasuna, izaki ez gizatiarrak, sua… Erdi Aroan girotutako kontakizun klasikoa, gurera ekarria, kristautasunaren eta paganismoaren arteko gatazkaren testuinguruan.

Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate jarriko dira bikote protagonistaren azaletan, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatuko dute aktore-zerrenda.

Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua, eta izen ezagunak ageri dira ere talde-teknikoa osatzen duten profesionalen artean: Gorka Lazkano –Errementari filmean ere aritutakoa- da ekoizpenaren euskara arduraduna; Gorka Gomezek jardun du argazki-zuzendari lanetan; eta Akelarre (2020) filmerako sortutako doinu bikainei esker Goya saria irabazi zuten Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik idatzi dute musika. RTVE eta EiTBren partaidetza du ekoizpenak.