Argitara atera berri da Nosferatu Bildumaren ale berria, 19. zenbakia, El polar francés 1931-1982. Aurrekoak bezela, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko lankidetzaren emaitza da, Antonio Jose Navarrok koordinaturikoa, eta hurbilketa bat da polar deituriko Frantziako zinema beltzera.

Zinema beltza 1910eko hamarkadaren hasieran sortu zen Frantzian, Louis Feuilladek publikatutako serialekin –Fantômas (1913-14), Les Vampires (1914-15). XXI. mendean oraindik ere, genero horretako film ugari ekoizten jarraitzen da herrialde horretan, baina, liburuari ekiteko orduan, generoaren urrezko garaia osatzen duten filmetara mugatzera erabaki dute egileek; alegia, 1931-1982 epera.

Polar terminoak –policier (poliziakoa) eta noir (beltza) hitzen apokopetik sortua– bai zineman bai literaturan krimenaren eta polizia-gaien inguruko adierazpide desberdinak hartzen ditu bere gain, kultura frantsesaren ikuspegitik beti ere. Hala, delituaren eta delinkuentearen antropologia soiletik, Ongiaren eta Gaizkiaren konfrontaziotik haratago doazen adierazpideak dira.

Polar filmikoari dagokionean, Europak generoko zinemari egindako ekarpenik handienetakotzat jotzen da, bertan elkar hartzen baitute Europako abangoardiek, Hollywoodeko pelikulek, eta poetika tragiko tremendistek, XIX. mendearen bukaerako Frantziako nobela naturalistan sorburua duenak, marjinazioari, les bas-fonds delakoei buruzkoak.

Hala, honela ulertzen da polar: ideologietan anitza eta estetikan poliedrikoa den zinema. Fenomeno transkultural, transhistoriko eta transgeneriko bat. Bere estilo bisuala –zehaztutakoa baina aldi berean bere autoreen kezketara moldaturikoa– begirada, pentsamendu, emozio bihurtzen da gizartearen eta, batez ere, berau osatzen duten gizabanakoen alde ilunaren inguruan. Genero honek, gainera, bere gain hartuko digu zinemagile gailenen obrarik onenak: Jacques Becker, Marcel Carné, Pierre Chenal, Claude Chabrol, Alain Corneau, Julien Duvivier, José Giovanni, Jean Grémillon, Jean-Pierre Melville, Jean Renoir eta Henri Verneuil.

Bada, Donostia Kulturak zein Euskadiko Filmategiak sustatutako El polar francés 1931-1982 liburua zinema-beltzaren azpigenero frantsesera egindako hurbilketa da, 2023ko urtarrilean Tabakaleran abiatutako zinema-ziklo homonimoari dagokiona.

Arestian aipatu bezala, Antonio Jose Navarrok koordinatutako lana da, eta ondorengo idazle, aditu , kazetari eta zinemagileen eskuhartzea izan du ere: Carlos Aguilar, Tonio L. Alarcon, Ricardo Aldarondo, Quim Casas, Mar Corrales, Roberto Cueto, Roberto Curti, Tomas Fernandez Valentí, Pablo Fernandez Vegas, Jorge Gorostiza, Eduardo Guillot, Elisa McCausland, Antonio Jose Navarro, Luis Perez Ochando, Jesus Palacios, Juan Andres Pedrero Santos, Angel Quintana, Aaron Rodriguez eta Diego Salgado.

Ale bat eskuratu nahi dutenek, laster izango dute liburu-denda nagusietan eskuragarri, 20€ko prezioan. Tabakalerako zinema-abonua dutenek, aldiz, liburu honen -edo joan den urtearen amaieran argitaratutako Katixa Agirreren Zinema festa bat da liburuaren- doako ale bat jasotzeko eskubidea izango dute.