Ainara Vera zuzendari iruindarraren Polaris lanak eskuratu du  Trentoko Mendi Zinemaldiaren 71. Edizioko sari nagusia. Urrezko Genziana irabazi duen bigarren zuzendari nafarra da, Montxo Armendarizen atzetik.

Ainara Vera zuzendariaren bigarren lan luzea da Polaris, eta Hayat eta Leila ahizpen istorioa du oinarri. Hayat eskarmentu handiko marinela da, Artikoan nabigatzera ohitua, gizartearen eta Frantziako bere haurtzaro traumatikotik urrun bizitzearen hatua egindakoa. Baina bere ahizpa gazteenak, Leilak, alaba bat izango duenean, hasiera berri baten promesa agertzen agertuko zaio zerumugan. Bi ahizpen munduak eta bizitzak hankaz gora jarriko ditu haurraren jaiotzak, biak bidaia pertsonal sakon batean murgiltzen baitira, Iparrizarrak gidatuta, beren familiaren patua iraultzeko.

Ikus-entzunezkoari esker, Trentoko Mendi Zinemaldiko Sari Nagusia, Urrezko Genziana, eskuratu duen bigarren zuzendari Nafarra da Vera; aurrez, 1986an, Montxo Armendarizek Tasio filmari esker jaso zuen. Haiekin batera, Alberto Iñurrategi  eskalatzailea da sari hau irabazitako beste euskal zuzendaria, 2003an, Hire Himalaya filmarekin.

Bada, filmak darabilen “hizkuntza zinematografikoaren erabilera ahaltsuagatik, beren patuaren ibilbidea marrazten duten bi emakumeren istorioa enpatiaz kontatzeagatik” hautatu dute epaimahaikideek zinemaldiko garaile. Bere partetik, zuzendariak ohar baten bidez eskertu du aintzatespena: “Zinemagintza zentzurik gabeko jarduera litzateke bizitza honen edertasun mingarriarekin harritu eta hari arreta jartzeko gai den pertsonarik eta tokirik ez balego”.

Aurrez, filma ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiko Beautiful Docs atalean, eta Sevillako Zinema Jaialdiko Las Nuevas Olas sailean lehiatutakoa da ere.