Ander Iriarte oiartzuarraren Karpeta Urdinak (2022) dokumentalak Publikoaren Saria eskuratu berri du Madrilgo Dokumetalen Jaialdian. Nazioarteko jaialdien zirkuitua, herriz herriko emanaldi birarekin uztartzen ari da lan-taldea.
Ander Iriartek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana-ren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du.
Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psiokologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz. (Irakurri hemen ZINEAko Ines Arrue kideak filmaz idatzitakoak).
Paradoxikoki, Espainiar Estatuko hiriburutik, Madrildik, heldu zaizkio lan-taldeari azken berri onak: Maiatzaren 3tik 7ra bitartean ospatu berri den Documenta Madrid – Madrilgo Dokumetalen Jaialdian aurkeztu zuen filma Iriartek, eta baita Publikoaren Saria eskuratu ere. “Ez dago ezer mingarriagorik, jipoitu, umiliatu eta iraindu ondoren, kontatzera ausartu eta gezurretan ari zarela leporatzea baino. Eskerrik asko, Madril, Eskerrik asko, torturatuei ‘SINESTEN ZAITUZTEGU!’ esateagatik”, adierazi du zuzendariak, esker onez, bere sare sozialen bidez.
Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko ZINEMIRA atalek bere gain hartutako filmetako bat izan zen Ander Iriarte oiartzuarraren dokumentala. Bizkor saldu ziren emanaldi guztietarako sarrerak, eta filmaz gozatzeko gogoz gelditu ziren herritar asko. 2022ko urrian, Gasteizen ospatutako Euskal Zinema Dokumentalaren 8. Astean programatu zuten filma, areto-bete orduan ere, eta Amsterdamgo IDFAn zein Miarritzeko FIPADOC Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiko Documentaire Impact atalean zein Censurados Film Festival (CFF) – Peruko Giza Eskubideen Zinemaldian lehiatu da azken hilabeteetan.
Emanaldiak kontratatzeko
Bada, jaialdi zirkuito txukuna osatzearekin batera, herriz herriko bira luzea egiten ari dira ere. Zerrenda irekia da honakoa eta data zein herriak gehitzeko prest azaldu da lan-taldea.
Horretarako, kontakturako bi bide zehaztu dituzte:
– Hego EH + Espainiar Estatuan: airiarte@mirokutana.com / (+34) 637 28 55 26
– Ipar EH + Frantziar Estatuan: info@gastibeltza.eus / +33 6 52 01 18 80