2023an, ikus-entzunezko atal berri bat inauguratu dugu ZINEA atarian. Euskal Herriko zinema zuzendarien filmografiak errepasatzeko asmoz, bideo sorta osatzen joango gara FILMOGRAFIAK izenburupean.

Izan zirelako gara eta, noski, garelako izango dira. Doakie, beraz, gure begirunea.

Mirentxu Loyarte-filmografiak-zinea

Euskarazko zinemagintzaren izen handi bezain ahaztua dugu Mirentxu Loyarte (Iruñea, 1938). Bi film baino ez ditu zuzendu –Irrintzi (1978) eta Emakumeak (1981. Ikuska 12)-, baina utzitako ondareak ez du etenik. Izan ere, lehen euskal emakume zinemagilea dela kontsideratzen da nafarra.

Parisko CICF Zinema Independentearen Frantziako Kontserbatorioan ikasi zuen, eta euskal zinema produkzioari hasiera eman zion olatuaren parte bilakatu zen, 60ko hamarkadan. Mugimendu abertzalearekiko gertutasunetik, zinema tresna politiko eta kultural moduan erabiltzearen aldeko jarrera erakutsi zuen.

Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begiradatik, Iratxe Fresneda zuzendari arrigorriagarrak hari eskaini zion bere lehen film luzea: Irrintziaren Oihartzunak (2016).