2deo Seriak deialdiaren baitan, Tabakaleran kokaturiko euskarazko ikus-entzunezkoen laborategian garatzeko hautatuak izan diren proiektuak iragarri dituzte programaren arduradunek. 5.000 euroko laguntza jasoko du bakoitzak, eta banakako aholkularitza izango dute.

2deo Serieak Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiak sustatutako programa bat da, telesailen sortzaileen (ekoizleak eta gidoilariak) proiektuak tutoretzan hartzeko eta babesteko. Mentoretzak eta aholkularitza indibiduala eskaintzen ditu, baita ere gidoi-idazketako zein narratiba berrietan, ikus-entzunezko produkzio-eredu eta eduki-plataformetan prestakuntza.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturiko programa Zinemaldiarekin eta EITBrekin lankidetzan garatzen da, eta “eta “garapenerako espazio berri bat eskaintzen die edozein formatu eta generoko serie bat sortzeko apustua egin duten talentu berriei zein ibilbide profesional frogatua duten pertsonei, nazioarteko anbizioarekin eta euskarazko ekoizpenarekiko interes bereziarekin”.

Bada, deialdiaren arduradunek hautespen prozesua gainditu duten hiru proiektuak iragarri dituzte: EGIA, Xabi Ojinagarena; Lonely People, Neon Cities, Monica Lilac eta Sergio Stendhalena, eta Eutsi goiari!, Ainhoa Artetxerena.

Aipaturiko lanek garapenerako 5.000 euroko laguntza jasoko dute eta banakako aholkularitza ere izango dute, industriako profesional ezagunen eskutik, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua: Koldo Almandoz zinemagileak, Hondar ahoak telesailaren sortzaileak, EGIA proiektuari lagunduko dio; Anna R. Costa zinemagileak, Arde Madrid eta Fácil telesailen egileak, Eutsi goiari! proiektuari; eta Lonely Nights, Neon Cities proiektuaren aholkularitza Intimidad seriearen zuzendariak, Laura Sarmientok, egingo du. Hiru aholkulariek euren ekoizpenen sortze prozesuak partekatuko dituzte, eta hautatutako proiektuen egileek prestakuntza espezifikoa jasoko dute gidoiaren idazketari, narratiba berriei, ikus-entzunezko produkzio-ereduei eta eduki-plataformei dagokienez.

Mentoretza prozesuaren azken zatia Donostiako Zinemaldian gauzatuko da. sortzaileek jaialdiko industria programan parte hartzeko aukera izango dutelako. Bertan, euren proiektuak balizko ekoizle, banatzaile edo inbertitzaileen, batez ere, streaming plataformen eta telebista kanalen ordezkariak, aurkezteko aukera izango dute.

Ikusi proiektu hautatuen xehetasun gehiago, hemen.