Bilboko Campos Eliseos Antzokian egingo dute irekiera ekitaldia, gaur, 19:30etatik aurrera, eta sail ofizialeko 11 euskal film laburrak pantailaratuko dituzte.

FANT euskal film laburrak-zinea

Gaur abiatuko dute FANT – Bilboko Fantasiazko Jaialdiaren 29. edizioa, maiatzaren 13ra arte luzatuko dena. Bilboko Campos Eliseos Antzokian egingo dute irekiera ekitaldia eta Alex Gerediaga Alex Gerediaga zuzendari eszeniko bilbotarrak zuzenduko du, iaz bezala. Bertan, Burnin’Percebes (Nando Martínez eta Juan González) kolektiboak zuzendu eta Brays Efe, Bruna Cusí eta Javier Botet protagonista dituen El fantástico caso del Gólem (2023) komedia fantastikoa proiektatuko dute.

Ekitaldiari 19:30ean ekingo diote, eta ostean, 22:30ean, sail ofizialeko 11 euskal film laburrak ikusteko aukera egongo da.

  • Alumbramiento (Imanol Ortiz López)
  • El fiestón (Gorka Aguinagalde eta Xabi Vitoria)
  • Encajada (Lle Godoy)
  • Holyday (Laura Guerricaechevarría)
  • Influencer (Nerea Torrijos)
  • Lanbroa (Aitzol Saratxaga)
  • Ni a sol ni a sombra (Talia Hernando)
  • Niña coyote eta chico tornado vs Don Condor eta Ñora Alacrán (Nitya Lópe)
  • Polita (Eneko Muruzabal Elezcano)
  • Superjodidos (Gastón Sebastián)
  • Toc (Amaia San Sebastián)

Guztira, lau sari eskura ditzakete: Film Labur Onenaren Saria (3.000 euro), Euskal Film Labur Onenaren Saria (2.000 euro) eta Publikoaren Saria (3.000 euro) irabazteko hautagaiak dira. Gainera, Interpretazio Onenaren Ohorezko Saria ere banatuko dute.

Iraupen laburreko nazioarteko lanen saioa, bestalde, bihar, maiatzaren 6an egingo dute, eta hamar filmek osatuko dute programa. Nazioarteko lanak lehian jarriko dituen atal nagusia, bestalde, 17 filmek osatuko dute.

Sail ofizialeko epaimahaia Ernesto del Ríok (ZINEBko zuzendari ohia), Iratxe Fresnedak (EHUko irakaslea eta zinemagilea) eta Marta Medinak (zinema kritikaria eta gidoigilea) osatuko dute. Ikuspegi Fantastikoa atalean, Alaitz Arenanza (Zinegoakeko zuzendari artistikoa), Javier Echániz (gidoigilea) eta Susana Miravalle (gidoilari,zinemagile eta muntatzailea) arduratuko dira lanak epaitzeaz.

Asteburuko topaketak

Apirilaren 20an, Bilboko Udalaren prentsa–aretoan aurkeztu zuten FANT – Bilboko Fantasiazko Jaialdiaren 29. edizioa, eta Justo Ezenarro jaialdiko zuzendariak eta Eugenio Puerto programatzaileak xehetasunak argitu zituzten. Ohorezko FANT Sariak ibilbide luze-luzea duen Zorion Eguileor euskal aktore, musikari eta esatari ezaguna aitortuko du batetik; genero fantastikoko zineman zaildua den Paco Plaza zinemagilea, bestetik. Gainera, IZARRA saria emango diote Belén Rueda aktoreari.

Carlota Peredak, bere aldetik, FANTROBIA saria jasoko du. Hain zuzen ere, bihar, maiatzaren 6an, 12:45ean, Begoña del Teso kazetari eta zinema kritikariak Peredarekin Cerdita bere opera primaz hitz egingo du, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan.

Igandean, berriz, Euskarazko zinema: oraina eta etorkizuna, aukerak eta erronkak izenpean elkartuko dira Paul Urkijo, Nitya López, Aitor Gametxo eta Eneko Muruzabal zinemagileak, Alaitz Arenzana FANTeko Ikuspegi Fantastikoko epaimahaikide eta Zinegoak zinemaldiaren zuzendaria, Vanesa Fernández, ZINEBIko zuzendaria Larraitz Zuazo, Begira Produkzioak taldekoa, Mar Izquierdo, ZINEUSKADIko koordinatzailea eta Ander Barinaga-Rementeria aktore eta ekoizlea.