Lurraldean jaiotako aktorea omenduko dute, haren parte hartzea duten lau film pantailaratuz. Gainera, 17. Punto de Vista jaialdiko lan onenak erakutsiko dituzte, eta urtero legez, arkitektura eta zinemaz, zein europar zinemagintzaz hitz egiteko tartea egongo da. 

Nafarroako Filmoteka-maiatza-egitaraua-zinea

Arkitekturaz, hirigintzaz eta diseinuaz gozatzeko aukera eskainiko du Nafarroako Filmotekak maiatzean, hamahirugarrenez. Hilabete osorako atondu duten egitarauan, zinemak eskaintzen duen ikuspegi zabal eta askotarikotik, azken urteotan egindako film onenak pantailaratuko dituzte asteazkenero, eta gaian aditua den arkitekto banak aurkeztuko ditu.

AEBetan hasi zuten atzo ibilbidea, Bauhaus eskola Chicagon berrezarri nahi duen László Moholy-Nagyri jarraituz (The New Bauhaus, Alysa Nahmias, 2019), eta Frantzia aldera joko dute gero, herrialdean arkitektura eta diseinu arloan aitzindari izan zen Charlotte Perriand ezagutzeko (Charlotte Perriand, pionniere de l’arte de vivre, Syéphane Ghez, 2019). Hirugarren proposamenarekin Moskura egingo dute bidaia (GES-2, Nastia Korkia, 2021), eta bukatzeko, Jean-Luc Godarden lan bat berreskuratuko dute, Capriko Casa Malaparte eraikin ospetsua agertoki duena (Le Mépris, 1963).

Gaur, aldiz, bertako zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eutsiz, Nafarroan ekoitzitako film bat pantailaratuko dute. Nafarroako Museo Etnologikoaren ekimenez sustatutako El Bocal (Eugenio Monesma, 2023) dokumentala egongo da ikusgai, Erriberan Ebro ibaiaren zeharkaldia ardatz duena.

Bestalde, lurraldean jaiotako Alfredo Landa aktoreari eskainitako zikloa prestatu du filmategiak. Maiatzaren 9an 10 urte beteko dira zendu zela, eta haren omenez, lau film eskainiko dituzte, aktorearen lagun izandakoek aurkeztuta: La vaquilla (Luis García Berlanga, 1985) -José Sacristánen aurkezpenarekin-, Los santos inocentes (Mario Camus, 1984) – Ramón García Domínguezen aurkezpenarekin-, El crack (Jose Luis Garci, 1981) eta El crack Dos (1983).

Nafarroako Europako Asteak Europar Batasunaren lanari balioa ematea du helburu, baita Nafarroa Europan kokatzea ere, eta Europar Batasunarentzat (EB) lehentasuna duten gaiei buruzko eztabaida integratzaile eta gardena herritarrekin egitea bultzatu eta babestea. Testuinguru horretan,  antolatu dute zikloa beste behin, Iruñeko Kondestable Jauregian, Nafarroako Filmotekarekin lankidetzan. Ikusgai izango dira: Close (Lukas Dhont, 2022), Triangle of Sadness (Ruban Ostlund, 2022), Burning Days (Lukas Dhont, 2022), Fogo Fátuo (Joao Pedro Rodriguez, 2022).

Ateneok aurkezten du… atalean, zinema portugaldarrean 60ko hamarkadan inflexio-puntua ezarri zuen Os verdes anos (Paulo Rocha, 1963) ekoizpena emango dute, Patxi Burillok aurkeztuta. Museoen Nazioarteko Egunaren harira, bestalde, Pablo Picasso margolari espainiarra izango da protagonista. Haren sorkuntza prozesua jaso zuen Henri-Georges Clouzot zinemagileak 1956an, eta Le Mystére Picasso lanean erretratatu.

Martxoan gauzatu zen 17. Punto de Vista jaialdiko lan onenak erakutsiko dituzte ere maiatzean. Film onena izendatu duten El polvo ya no nubla nuestros ojos (Colectivo Silencio) ekoizpen perutarra eta zuzendari onenaren Jean Vigo saria irabazi duen Notre village (Comes Chabazian) eskainiko dituzte. Azkenik, saio berezi batek agurtuko du egitaraua: Basilio Martín Patino zinemagile espainiarraren Nueve cartas a Berta (1966) lan entzutetsuak.

Emanaldietarako sarrera orokorrak 3 euro balio ditu, eta aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutu lehenagora arte. Nafarroako Filmoteka eta saio berezietarako sarrerak, aldiz, euro bat balio du.

Ezagutu Nafarroako Filmotekak urtarrilerako prestatu duen egitaraua, hemen.