Zinemagile iruindarra izango da Kontatutako Zinea fokuko maiatzeko gonbidatua, eta Young & Beautiful (2018) eta Dardara (2021) filmen sorkuntza prozesuez hitz egingo du, Tabakaleran, gaur. Dock Of The Bay – Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdiaren hamaseigarren edizioaren esparruan garatuko da jarduera.
Tabakalera ikasgela bat ere badela aldarrikatuz, eta eraikinean elkarlanean dabiltzan eragileen arteko sinergia sustatuz, 2020ko urtarrilean KONTATUTAKO ZINEA fokua jaio zen. Zuzendariei beren lan prozesuak aretoan azaltzeko gonbitea du oinarri egitasmoak, eta hain zuzen, haien erabaki izandakoak publikoarekin partekatzean datza. Bada, gaur bertan, maiatzaren 1ean abiatu zuten Dock Of The Bay jaialdiaren baitan, Marina Lameirok bere bi film luzeen sorkunzta prozesua izango du hizkipe. 19:00etan abiatuko dute saioa, eta sarrera doan da, edukiera bete arte.
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Lameirok Madrilen, Dokumental Sorkuntza Masterra Bartzelonan, eta muntaketan espezializatu ondoren, New Yorkera joan zen UnionDocsen egonaldi artistikoa egitera. 2018an estreinatu zuen Young & Beautiful bere lehen dokumentala, eta besteak beste, Punto de Vista Jaialdiko Publikoaren Sari Berezia jaso zuen: Hazi nahi ez izatea leporatzen zaion belaunaldi baten erretratu poliedrikoa da, mundu hautsi bat eta krisiak jotako herrialde bat onartzera behartuta dagoen belaunaldi batena, non ametsak bazter uztea baita bizirik irauteko modu bakarra.
Ostean, Berri Txarrak taldearen IKUSI ARTE agur bira dokumentatzeko aukera sortu zitzaion, eta bertatik jaio zen Dardara (2021) lana. Taldearen jarraitzaileak lehen planora ekarri ditu, kontzertuetako lehen planoen bidez eta haietako zenbaiten istorioen kontaketa eginez. Hala, Berri Txarrakek Alemanian, Mexikon, Japonian eta AEBetan emaniko kontzertuak jaso ditu dokumentalean.