Gasteizko Udalak, Euskara eta Gazteria zerbitzuen bidez, eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz, berriro jarri du abian Gazte Sortzaileak deialdia, 17 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskara hutseko sorkuntza-beka. Hautagaitzak aurkezteko epea uztailaren 14ra arte egongo da zabalik.

Gazteen artean euskal kulturgintza sustatzea, gazteek beraiek sormena garatzeko aukera-guneak izatea, tokiko euskarazko programazioa berpiztea eta, bide batez, hizkuntza ohiturak aldatzea dira Gazte Sortzaileak deialdiaren xede nagusiak. Bide horretan, ahozkotasunari estu-estu lotutako proiektuak galdegin dituzte, hau da, euskararen ahozko adierazpenek osatu beharko dute proiektuaren muina, eta helburu izan behar dute kultura euskaldunari ekarpena egitea. Halaber, prozesu osoa euskaraz egiteko konpromisoa hartuko beharko dute, sormen-fasetik hasi eta gauzatu arte; bestalde, proiektua Gasteizen edo Araban garatu eta gauzatzekoa.

Honako izaerako proiektuak izango dira ongi etorriak: antzerkia, bakarrizketa, poesia-emanaldia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoa, baita diziplinen arteko hibridazioa ere. Formatu txikiko jarduerak hobetsiko ditu aukeraketa batzordeak; lanak jatorrizkoak izan daitezke eta euskaraz sortuak, edo erdarazko lan baten egokitzapena, baldin eta jatorrizko lanaren kalitateak edo interesak hori justifikatzen badute. Halaber, inoiz taularatu edo jendaurrean aurkeztu gabeak izan daitezen eskatu dute.

Deialdian parte hartu nahi dutenek, Vitoria-Gasteizen edo Arabako lurralde historikoan erroldaturik egon behar dute eta 16 eta 35 urte bitartekoak izan. Parte-hartzeari dagokionean, bi kategoria desberdin izango dira: 16-24 urte bitartekoei zuzendutakoa eta 25-35 urte bitartekoei zuzendutakoa.

Proposamenak bakarka zein taldeka aurkezteko aukera dago, baldin eta taldekide guztiek adinaren baldintza betetzen duten. Halaber, pertsona fisikoak izan behar dira proiektua aurkezten dutenak eta, elkarte edo entitate batean izenean egiten badute, hala adierazi beharko dute eskaeran bertan. Bestalde, erroldari dagokionez, taldekide gehienek erroldatuta egon behar dute Gasteizen edo Arabako Lurralde Historikoaren hiri edo herri batean.

Proiektuak aurkezteko azken eguna 2023ko uztailaren 14a izango da. Lanak Udalaren Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira —Teodoro Dublang margolaria, 25— edo gizarte etxeetako Herritarrak Laguntzeko Bulegoetan.

Interesdunek, hemen irakurri ditzakezue oinarri xehekatuak.

Zalantzarik izanez gero, helbide elektroniko honetan eska ditzakete argibideak: gazteria@vitoria-gasteiz.org