Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak ezagutzera eman du 20. edizioko palmaresa. Silvia Muntek zuzendu, eta Jorge Gil Munarriz legazpiarrarekin batera idatzitako euskal ekoizpenak lortu du ikus-entzuleen boto bidez ebatzitako sari nagusia. The Lost Souls of Syria (Stéphane Malterre eta Garance Le Caisne) dokumentalak irabazi du Amnesty International Saria, eta Yellow (Elham Ehsas) izendatu dute film labur onena.

Giza Eskubideen Zinemaldia 2023-palmaresa-zinea

Nazioarteko errealitateak, gai eta istorio sozialak ezagutzeko aukera egon da, aurten ere, Donostian. Guztira, 21 film luze erakutsi dituzte sail ofizialean, eta sari nagusia eskuratzeko hautagai izan diren 14 lanen artean euskal ekoizpen bat izan da garaile. Victoria Eugenia Antzokian egindako agerraldian argitu dute ikus-entzuleek Las buenas compaías filma aukeratu dutela 2023ko lan onena. 70eko eta 80ko hamarkadetan emakumeen eskubideen alde eta haurdunaldiak duintasunez eteten laguntzeko prest azaldu ziren Errenteriako Emakumeen Taldearen istorioa du abiapuntu lanak.

Filmak proiektatu ahala, egunero-egunero botoa emateko aukera egon da, eta 9,2-ko puntuazioarekin, Silvia Muntek zuzendu, eta Jorge Gil Munarriz legazpiarrarekin batera idatzitako fikziozko obra hobetsi dute zinemazaleek. Atzo bertan pantailaratu zuten, 19:00etan, eta ostean, Gil Munarriz gidoigileak, Alicia Falcó eta Elena Tarrats aktore nagusiek, eta Arantxa Olañeta Errenteriako Emakumeen Taldeko kideak hartu zuten hitza.

Maiatzaren 3an, Errenterian emanaldi berezia egin eta gero, Hego Euskal Herriko zinema aretoetara hilaren 5ean iritsiko da. Malagako Zinemaldian ere Gazte Epaimahaiaren Saria lortu zuen filmak, eta Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 38. edizioko sail ofizialean lehiatuko da ekainean.

Hainbat euskal ekoizpenek parte hartu dute Giza Eskubideen Zinemaldiaren 20. edizioan, eta denek ere 8 puntuko langa gainditu dute. Ainhoa Andrakak eta Zuri Goikoetxeak zuzendutako Cabeza y corazón-ek 8,99 izan ditu; Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas-ek 8,48; eta Iratxe Fresnedaren Tetuán-ek 8,03. Aldiz, Karpeta Urdinak (Ander Iriarte) lehiaz kanpo egon da ikusgai.

Amnesty International Sariaren onuradun, aldiz, The Lost Souls of Syria (Stéphane Malterre eta Garance Le Caisne) dokumentala izan da. Bestalde, Gazte Epaimahaiak nazioarteko film laburren lehiaketan Elham Ehsas zuzendariaren Yellow nabarmendu du.

Itxiera-ekitaldia, iluntzean

Hilaren 21ean, Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas opera primak eman zion hasiera 20. Giza Eskubideen Zinemaldiari, eta gaur bertan agurtuko dute,  Toi non plus tu n’as rien vu (Véatrixe Polle) ekoizpen frantziarra Victoria Eugenia Antzokian pantailaratuz: Claire eta Thomas zoriontsu bizi den bikote bat da, eta bi alaba dituzte. Baina poliziak Clairerena dirudien jaioberri bat aurkituko duenean, bikotearen bizitza amesgaizto bihurtuko da. Clairek dio ez zekiela haurdun zegoela, baina posible al da hori? Sophie, bere lagun eta abokatu onena, Claireren defentsa prestatzen ari den bitartean, amatasunaren esentzia bera bihurtuko da kasuaren muina.

Aurretik, 17:00etan, ‘Etxegabetasuna eta sorkuntza kultural partekatua’ gaiari tiraka, José Antonio Vitoria zinemagile espainiarrak zuzendutako Nadie está lejos filma eskainiko dute Victoria Eugenia Antzokian bertan. Emanaldiaren ostean solasaldirako tartea egongo da.

Zinema eta Memoria izenpean garatu den zikloko hirugarren eta azken filma ere egongo da ikusgai gaur, Tabakaleran. 19:00etan, Wanibik: The People Who Live in front of Their Land (Rabah Slimani, 2022) dokumentala emango dute. 2020ko azaroaren 13an Marokoren okupazioaren aurkako gerrari berriro ekin ondoren, Mendebaldeko Saharako zinema eskolako ikasle talde batek beren graduazioko pelikula filmatuko du, eta sufrimenduaren, borrokaren, determinazioaren eta erresistentziaren artean, Lotsaren Harresia aukeratu zuten proiektuaren hari gidari izateko.