Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 38. edizioko sail ofizialean 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola) eta Las buenas compañías (Silvia Munt) erakutsiko dituzte, fikziozko film luzeen atalean; animaziozko sailean, Black is Beltza II: Ainhoa (Fermin Muguruza) proiektuak parte hartuko du.
Mexikoko, eta oro har, Iberoamerikako zinemaren erakusleiho nagusienetakoa den hitzordua ekainaren 3tik 9ra egingo dute, eta dagoeneko sail ofizialetan ikusgai izango diren lanen berri eman dute. Bada, Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 38. edizioan hiru euskal ekoizpen izango dira lehian.
Fikziozko film luzeen atalean, Berlinen, Malagan eta Hong Kongen saritua izan den 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola) filma eta nazioarteko ibilbidea hasi berri duen Las buenas compañías (Silvia Munt) izango dira lehian, eta bata zein bestea, gainera, LGBTQ+ gaiak jorratzen dituen film onenaren Maguey Saria eskuratzeko hautagaiak ere izango dira.
Urresolaren opera primak Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia ireki zuen apirilaren 21ean, eta egun berean Hego Euskal Herriko eta espainiar lurraldeko 100 zinema areto baino gehiagotan egon zen ikusgai. Guztira, 33.500 ikus-entzule bildu ditu lehen asteburuan; 17.000 ikuslerekin estreinaldirik onena izan da Araban, Bizkaian eta Gizpuzkoan. Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako lanak hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-erlauntza du ardatz: Coco da filmeko protagonista, 8 urte dituen haur trans bat, amarekin eta neba-arrebekin amaren jaioterrira uda pasatzera joango dena.
Bestalde, Malagako Zinemaldian Gazte Epaimahaiaren Saria lortu zuen Muntek zuzendutako lanak, eta egunotan, Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldian ere ari dira erakusten. Hego Euskal Herriko zinema aretoetara maiatzaren 5ean iritsiko da. Alicia Falco, Itziar Ituño, Elena Tarrats, Maria Cerezuela, Ainhoa Santamaría eta Itziar Aizpuru ditu aktore proiektuak, eta horiek 70eko eta 80ko hamarkadetara eraman gaituzte. Emakumeen eskubideen alde eta haurdunaldiak duintasunez eteten laguntzeko prest azaldu ziren emakume errenteriar talde baten istorioa du Irusoinek eta Oberon Media ekoiztetxe frantziarrak ekoiztutako obrak hizketagai.
Animazioan ere sendo
Nazioarteko animaziozko lan onenak elkarren lehian jarriko dituzte ere Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 38. edizioan, eta euskal zinemagintzak ordezkaritza izango du. Black is Beltza II: Ainhoa (Fermin Muguruza) proiektua beste sei filmekin batera izango da saileko sari nagusia irabazteko hautagaia.
Black Is Beltza (2018) laneko pertsonaia nagusia den Manex Unanueren alaba, Ainhoa, da oraingoan protagonista eta Gerra Hotzaren amaieran kokatuko da. Lehen filmeko gertakari horietatik bi hamarkada beranduago jaio zen alaba La Pazen (Bolivia), eraso parapolizial baten ondorioz Amanda ama hil ondoren. Gaztea Kuban hazi zen eta 1988an, 21 urte zituela, Euskal Herrira joan zen aitaren lurra ezagutzera.
Euskal Herrira egindako bidaia horretan, Azken Guda Dantza emanaldira joateko aukera izango du, Kortatu taldeak eskainitako azken kontzertua. Horrez gain, Josune kazetari konprometitua eta haren adiskideak ezagutuko ditu ere; garaiotako gazte belaunaldian heroinak utzitako arrastoa gertutik bizituko du, eta narkotrafikoak gogor astindutako Kabul, Sobietar Batasuna eta Marsella bezalako helmugak ezagutzeko aukera izango du. Baita heroinak astindutako Euskal Herria ere. Ariadna Gil, Antonio de la Torre, Yashmine Kris, Itziar Ituño, Darko Peric, Gorka Otxoa, Jon Plazaola, Maria Cruickshank eta Ander Lipus dira protagonistei ahotsa jarri dieten aktoreak.