ICEX España Exportación e Inversiones-ekin, ICAA – Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin eta FICX – Gijóngo Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan atondu dute showcase programa, Cannes Docs sailaren barruan gauzatuko dena. Tartean, Doxa Producciones ekoiztetxearen Itoiz Udako Sesioak erakutsiko dute.
Cannesko Zinema Jaialdiaren Marché du Film merkatuaren baitan, Cannes Docs saila egingo dute maiatzaren 18tik 23ra bitartean. Bertan, espainiar lurraldeko zinemagintzari eskainitako lehen showcase jardunaldia gauzatuko dute, hilaren 21ean, Cannesko Jaialdi eta Kongresuen Jauregian, eta Doxa Producciones ekoiztetxearen Itoiz Udako Sesioak proiektuak parte hartuko du.
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ICEX España Exportación e Inversiones-ekin, ICAA – Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin eta FICX – Gijóngo Nazioarteko Zinemaldiarekin lankidetzan antolatu du egitasmoa, eta Itoitz musika taldearen memoria arakatuko duen ikus-entzunezkoarekin batera, beste hiru film luze dokumental erakutsiko dituzte.
Lau proiektuak munduko zinemaldi garrantzitsuenetako programatzaileek osatutako kide eta ordezkarien aurrean aurkeztuko dituzte arduradunek, baita zinema dokumentaleko izen handiko ekoizle, banatzaile eta zuzendarien aurrean ere.
Jarraian, hautatutako lau proiektuak:
- Itoiz Udako Sesioak (Larraitz Zuazo) | Doxa Producciones
- Los restos del pasar (Luis “Soto” Muñoz eta Alfredo Picazo) | Du Cardelin Studio eta Mubox Studio
- Um film de Fernando Ruiz Vergara (Concha Barquero eta Alejandro Alvarado) | Azhar Media eta Alvarquero
- Un árbol es un árbol (Carlos Marques-Marcet) | Suica Productions, AXfilms eta Lastor Media
Festival partners-eko kide
Cannesko Zinemaldiko Marché du Film merkatuko Festival Parters-eko kide da ZINEBI, FICX – Gijóngo Nazioarteko Zinemaldia bezala. Bi jaialdien elkarrekintzari esker gauzatuko da aurten aurrenezkoz espainiar lurraldeko zinemagintzari eskainitako showcase jardunaldia.
Bi zinemaldioz gain, Cannesko Festival Parters-eko lagun dira ere nazioarteko ondoko jaialdiak: CPH:DOX (Danimarka), DokuFest (Kosovo), DOK Leipzig (Alemania), Movies that Matter Festival (Herbehereak), Visions du Réel (Suitza), RIDM – Montreal International Documentary Festival (Kanada), DMZ Docs (Koreako Errepublika), É Tudo Verdade / It ‘s All True International Documentary Film Festival (Brasil) eta Ji.hlava (Txekia).