Araba, Bizkaia eta Gizpuzkoako estreinaldirik onena izan da, asteburuan. Apirilaren 21az geroztik, espainiar lurraldeko 100 areto baino gehiagotan erakutsi dute Estibaliz Urresolaren opera prima, eta laugarren film ikusiena bilakatu da gaur gaurkoz.
Nazioarteko jaialdien ibilbidean bete-betean murgilduta dagoela, Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia ireki zuen apirilaren 21ean 20.000 especies de abejas filmak, eta egun berean Hego Euskal Herriko eta espainiar lurraldeko 100 zinema areto baino gehiagotan egon da ikusgai. EZAE – Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak jakitera eman duenez, Estibaliz Urresolaren opera primak 17.000 ikus-entzule bildu ditu asteburuan Araban, Bizkaian eta Gizpuzkoan; estreinaldirik onena izan da. Filmak Nafarroan izan duen harreraren daturik ez dute argitu oraindik, eta Iparraldean, hilaren 29an ikusi ahalko da aurrenekoz, 19. Rencontres sur les Docks jaialdiaren baitan.
Asteburuko bost film ikusienen artean kokatu da 20.000 especies de abejas lana, espainiar lurraldean. Karteldegiko datuak emateaz arduratzen den Comscore enpresak dakarrenez, astelehenaz geroztik, laugarren postuan dago; guztira, 33.500 zinemazalek aukeratu dute zinemagile arabarraren opera primaz pantaila handian gozatzea. Datorren asteburuan, 30 kopia berri izango ditu, gainera.
Top 10 – 25 Abril
1-SUPER MARIO BROS
2-POSESION INFERNAL: EL DESPERTAR
3-VAYA VACACIONES
4-20.000 ESPECIES DE ABEJAS
5-EL EXORCISTA DEL PAPA
6-JOHN WICK 4
7-AIR
8-LIBRES
9-DUNGEONS & DRAGONS: HONOR ENTRE LADRONES
10-LOS TRES MOSQUETEROS#Top10movies#YoVoyAlCine— ComscoreMoviesSpain (@cSMoviesSpain) April 26, 2023
Ibilbide arrakastatsua
Urresolak zuzendutako eta Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako 20.000 especies de abejas lanak hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-erlauntza du ardatz: Coco da filmeko protagonista, 8 urte dituen haur trans bat, amarekin eta neba-arrebekin amaren jaioterrira uda pasatzera joango dena. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dago errodatuta, eta bere aurreko lanetan bezala, ia erabat emakumez osatutako lan-taldea du filmak.
Berlingo Zinema Jaialdian izan zuen ekoizpenak mundu mailako estreinaldia, eta arrakastatsu suertatu zen. Izan ere, Sofia Otero aktore gazte basauriarra aitortu zuten sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzarekin. Malagan lehiatu zen filma ostean, eta Patricia López Arnaiz taldeko emakumezko aktore onena izendatu zuen epaimahaiak. Hong Kongen, aldiz, emakumeen aktore-talde guztia nabarmendu dute.
20.000 especies de abejas lanak ICAA, EiTB, RTVE, MOVISTAR PLUS +, TV3, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren partaidetza du. Bizkaiko Foru Aldundiak osatu du kolaboratzaile sarea.