Ekain Martinez de Lizarduyk zuzendutako bigarren ikus-entzunezko proiektuak une batez gelditu eta nor garen hausnartzera gonbidatuko gaitu. Euskaraz errodatuko dute, udazkenean, eta Itziar Ituño eta Kepa Errasti izango ditu aktore.

Prosopagnosia-zinea

Erraiak dokumentala mundu osoan erakutsi ostean, Ekain Martinez de Lizarduyk proiektu berria du esku artean. Antropologo, irakasle eta zinemagileak sare sozialetan iragarri du bere bigarren ikus-entzunezkoa finantzatzen laguntzeko diru-bilketa kanpaina martxan jarri berri duela Verkami plataforma bidez, eta 10.000 euro lortu nahi ditu.

Une batez gelditu eta nor garen hausnartzera gonbidatuko gaituen Prosopagnosia film laburra finantzatzeko prest dauden herritarrek ahalaren edota nahiaren arabera egin dezakete ekarpena, ahalbidetutako aukeren artean egokien deritzotena aukeratuz.

Euskaraz errodatuko dute proiektua, udazkenean, Gasteizen, eta bi kokaleku izango ditu: lan-tokia eta etxea. Aktoreei dagokienez, Itziar Ituño eta Kepa Errasti izango ditu protagonista. KINDVISUALS ekoiztextea arduratuko da lan teknikoaz, eta film laburra 2024 urte hasieran prest izateko asmoa agertu dute.

Nor garen ezagutzeko barne bidaia

Prosopagnosia (grezieratik), aurpegien itsutasuna ere deitua, gizartearen zati batek pairatzen duen gaixotasuna da, jendearen aurpegiak ezagutzea eragozten diona eta kasurik larrienetan bere aurpegia ere ezagutzeko gai ez dena. Denok al dugu prosopagnosi mailaren bat?

Gutako asko “itsu” heldu gara helduarora, ez baitugu bidean tarterik hartu nor garen ezagutzeko, izan nahi dugunari buruz hausnartzeko eta izan nahi dugunarekin koherentziaz jokatzen ari garela bermatzeko.

Prosopagnosia film laburrarekin ikus-entzuleen hausnarketa bultzatu nahi dute sortzaileek, bidaia bat egin dezaten beren barrenetara, une bat har dezaten bere erraietara begiratzeko, “eta zergatik ez, orain eta hemen, bidaia bat hasteko non dagoen ikusteko, inoiz ez baita berandu. Ala bai? Animatzen zara gurekin bidaia honetan?”

Ezagutu proiektua eta ekarpena egiteko bideak, jarraian.